Aranbaltzako indusketak ezagutzeko bisitaldia antolatu dau Bizkaiko Foru Aldundiak

Bizkaie! 2017-08-10 09:50   Kulturea

Arkeologoen eguna ospatuko da abuztuaren 18an eta Barrikako eremu paleolitiko horretara joan ahal izango dira herritarrak.

Aranbaltzako aztarnategia (argazkia: CENIEH) | Ikusi handiago | Argazki originala

Barrikako lurretan kokatutako Aranbaltza aztarnategian egiten dabizan indusketa arkeologikoak jentearentzat zabalik egongo dira hilaren 18an. Joseba Ríos eta Diego Garate arkeologoek azalpenak emongo deutsiez bisitaldian parte hartzen dabenei. Aranbaltzan erabilitako prozedura zientifikoak eta topautako aztarnak zeintzuk diran agertuko dabe.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Arkeologi Museoaren bidez, Arkeologoen Eguna ospatuko dau 18an, izan be, Santa Elena da egun hori. Arkeologoen patroia da, kondairearen arabera, V. mendean indusketa batzuk egin zitualako, Kristoren Gurutzearen eta Errege Magoen erlikien bila.

Museoetako erakusketek ez daukie zentzunik arkeologiaren eta aztarnategien testuinguru barik, hori izango da egun horretan erakutsi nahi dabena. Horregaitik antolatu dabe Aranbaltzako bisita gidatua. Zati bitan banatuko dabe jarduerea: lehenengo aztarnategia bera bisitauko dabe eta Joseba Ríosek emongo ditu azalpenak; ondoren, Bilbon, Arkeologi Museoko biltegia ikusi ahal izango dabe parte-hartzaileek, Diego Garate gidari dala.

Bisitaldi gidatuan parte hartzeko aurretik izena emon behar da, 944 040 990 telefono zenbakian, leku kopurua mugatua dalako. Prezioa 12 eurokoa da. Ibilaldiaren egunean bertan, parte-hartzaileak Bilboko San Nikolas plazan batuko dira, goizeko 09:00etan, autobusez Barrikara joateko. Prezioan sartzen dira joan-etorriko autobusa, bisita gidatua eta Arkeologi Museora sartzeko txartela.

Joseba Ríos arkeologoaren gidaritzapean, 2013tik dabiz Aranbaltzan indusketak egiten. Topautako aztarnetan garbi ikusten da Neandertalen eta gizaki modernoen arteko transizinoa. Ganera, Neandertalen bizileku bat, Pleistozeno eta Holozeno garaien arteko ehiztari-biltzaileen arrastoak eta Eneolitoko kanpamentu bat agertu dira Barrikako eremu horretan. Foru Aldundiaren esanetan, Aranbaltza funtsezko lekua da gure lurraldearen Historiaurreko garapena ulertzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu