'Beste Hitzak' proiektuak egonaldia antolatu dau euskal idazleentzat Frisian

Bizkaie! 2017-08-09 13:17   Kulturea

Literatura sorkuntzarako bidaia izango da, zortzi astekoa, eta eskariak egiteko epea zabalik dago.

Beste Hitzak-Other Words ekimenak Europako hizkuntza txiki zein gitxituen arteko literatura trukeak bultzatzen ditu. Irlanda, Mazedonia, Eslovenia, Frisia eta Euskal Herria dira sareko kideak eta herrialde horreetako idazleen arteko zubilana egitea da helburua. Esate baterako, 2016an Ekaitz Goienetxeak egonaldia egin eban Eslovenian eta Yoseba Peñak Irlandan. Aurtengo udan, Beatriz Chivite dago Eslovenian.

Oraingoa, beraz, laugarren deialdia da eta Frisia izango da egoitzea, Leeuwarden uria hain zuzen (Ljouwert frisieraz).  Aukeratutako idazleak proiektu literario bat sortu beharko dau egonaldi horretan. Egitasmo hori azaltzeko txostena aurkeztu beharko deutsie antolatzaileei eta honeek aproposena aukeratuko dabe Frisiako egonaldirako. Bertatik sortzen dan lan literarioa ingelesera eta proiektuko beste herrialdeetako hizkuntzetara itzuliko da.

Irailaren 11ra arte daukie euskal idazleek euren hautagaitzea aurkezteko. Aukeratua urriaren 23tik abenduaren 18ra bitartean egongo da Frisian. Deialdiaren oinarriak eta argibide guztiak, hemen.

Euskal Herrian, Beste Hitzak proiektuaren ordezkari ofiziala Donostia Kultura da. DSS2016EU Fundazinoa, Euskal Idazleen Alkartea eta beste eragile batzuk ditu bidelagun. Egitasmoaren helburua da hizkuntza txiki eta gitxituetan egiten dan literaturea euren mugetatik harago ezagutzera emotea, baita hizkuntza aniztasunaren balioa azpimarratzea be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu