Surfagaz lotutako lan aukerak aztertuko ditue Sopela Kosta Festen
2017-08-09 08:35 KultureaSurfak lekuan lekuko ekonomian hartu leiken pisua ikusita, jardunaldia antolatu dabe jaialdiaren lehenengo egunean, irailaren 21ean.
Ekintzaileei eta lan bila dabizanei surfak eskaintzen deutsiezan aukerak jorratzea eta kirol horrek ekonomiari emon leikion bultzadea aztertzea dira Surf Business Meeting topaketearen bigarren edizinoaren asmoak. Sopela Kosta Fest jaialdiaren harira egingo da. Lehenengo edizinoa arrakastatsua izan zala dinoe antolatzaileek.
Sopelan bertan irailaren 21ean egingo dan jardunaldian, bertoko eta kanpoko personen eretxiak entzun ahal izango dira. Antolatzaileek aurreratu dabenez, surfaren munduko ekintzaileak, egonkortutako enpresak, aditu profesionalak, bertoko erakundeak eta nazinoartekoak egongo dira hizlarien artean; bakotxak bere esperientzia kontauko dau.
Azken urteetan surfaren potentzial ekonomikoak nabarmen egin dau gora, Sopela Kosta Festeko arduradunen esanetan. Hartara, gero eta enpresa txiki gehiago dagoz sektorean. Surfak erakarten dauen turismoan ez eze, bestelako jarduera batzuetan be badabiz: Fabrikak, markak, teknologia eta marketinga be gora doaz.
Munduan 35 miloe lagunek egiten dabe surfean eta 22.000 miloe euroko negozioa sortzen dau horrek. Euskal kostaldera 75.000 lagun etorten dira urtero surfa egiten, azterlan batzuen arabera.
Jente askorentzat surfa benetako urteera profesionala izan leitekela uste dabe topaketearen antolatzaileek; hain zuzen be, Surf Business Meeting industria horretan lan bila dabizanei, erakundeei, ekintzaileei eta prestakuntzea behar daben profesionalei zuzenduta dago. Ezagutzak zabaltzeko eta gaur egungo jokerak ezagutzeko gunea izango da.
Sopela Kosta Festen barruan antolatuko da Surf Business Meeting. Irailaren 21etik 24ra egingo da aurtengo Kosta Fest eta bertan hainbat kontzertu egongo dira: Delorean, Kokein eta abar egongo dira oholtzan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!