Hamasei proiektu, Europa-Latinoamerika Koprodukzino Foroan
2017-08-08 12:22 ZinemeaDonostiako Zinemaldiaren barruan egingo dabe topaketea, irailaren 24tik 27ra.
Urterik urtera hazten doan egitasmoa da Europa-Latinoamerika Koprodukzino Foroa. Aurten, seigarren edizinoan, aurrekoetan baino egun bat gehiago izango dau. Guztira, 29 herrialdetako 165 proiektu zinematografiko aurkeztu dira eta antolatzaileek hamabost aukeratu ditue. Horrezaz gan, Erdialdeko Amerikako eta Karibeko egitasmoentzako Ibermedia proiektuko beste film bat be Donostian izango da, baina lehiaketaz kanpo. Beraz, hamasei film publikoaren eskura.
Koprodukzino Foroan parte hartuko dabenen artean, zinemagileren baten lehenengo edo bigarren obra diran zazpi lan dagoz. Ibilbide luzeagoko egileen filmak be aukeratu ditue, esaterako, Pablo Agüero 2015eko Zinemaldian egon zan, sail ofizialean, Eva no duerme lanagaz. Orain, barriz, Akelarre izenekoa dakar.
Mikel Rueda eta Macarena López be aurretik Zinemaldian parte hartutakoak dira eta orain Koprodukzino Foroan aurkeztuko ditue euren sorkuntza barriak. Bestetik, foroan ikusiko diran pelikula bi Zinemaldiko sail ofizialean be lehiatuko dira: Morir (Koldo Zuazua) eta Una especie de familia (Diego Lerman).
Aurten, ganera, aurre-jardunaldi bat izango dau Koprodukzino Foroak lehenengo aldiz. Irailaren 24an izango da, domekan, eta bertan pitching saioa egingo dala azaldu dabe antolatzaileek. Hilaren 25etik aurrera, ostera, VI. Europa-Latinoamerika Koprodukzino Foroa Donostiako Zinemaldiko beste atal berezi bigaz batera egingo da, Zinema Eraikitzen eta Glocal in Progress.
Sari bat baino gehiago banatuko dira Koprodukzino Foroko parte-hartzaileen artean: Proiektu Onenaren Saria, 10.000 eurokoa izango da. EFADs-CAACI eta Eurimages erakundeek emoten dituen sariak be aitagarriak dira, bakotxa 20.000 eurokoa. Nazinoarteko ARTE saria, ostera, 5.000 eurokoa da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!