Jazz emonaldiak hartuko ditu Guggenheim Museoak Aste Nagusian

Bizkaie! 2017-08-08 09:50   Musikea

Abuztuaren 22tik 25era, gauez, kontzertuak egongo dira eta musikea entzun bitartean artelanak ikusi ahal izango ditue bisitariek.

Iñaki Salvadorrek eta Andrzej Olejniczakek joko dabe lehenengo egunean (argazkia: Bilboko Guggenheim Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Aste Nagusiagaz batera dator, urtero legez, BBK Jazz Guggenheim Gauak zikloa. Izenak adierazoten dauen legez, jazza eta gaua dira programearen ardatzak. Lau jazz kontzertu antolatu ditu museoak, beste horrenbeste gautan, eta emonaldiak martxan dagozan artean erakusketak zabalik egongo dira. Edariak be izango ditue entzuleek eskura. Gaueko 23:15etatik goizaldeko 02:00ak arte izango dira kontzertuak, gitxi gorabehera.

Abuztuaren 22an, zikloari ekiteko, jazz musikari handi bik parte hartuko dabe Guggenheim Museoko egitarauan: Andrzej Olejniczak saxofoi joleak eta Iñaki Salvador pianisteak alkarregaz joko dabe, Cath diskoa grabau ebenetik mende lauren pasau dan honetan. Lujozko bikotea da, antolatzaileen esanetan.

Hilaren 23an, ostera, Pepe Rivero Trio egongo da oholtzan. Pianista eta konpositore kubatarra da Rivero eta haren taldeagaz etorriko da Bilbora. Nazinoarteko jaialdi entzutetsuetan parte hartu eta gero, estilo ugari batzen dituan musikea ekarriko dabe.

Biharamunean, 24an, Jerez-Texas hirukotearen txandea izango da. Ricardo Esteveren gitarra flamenkoa, Matthieu Saglioren biolontxeloa eta Jesús Jimenoren bateria dira elementu garrantzitsuenak. Hainbat estiloren fusinoa egiten dau oholtzan 15 urte daroazan talde honek.

Amaitzeko, abuztuaren 25ean, Perico Sambeat Quartet egongo da museoko atrioan. Jazz garaikideko musikaririk handienen artean dago Sambeat saxofoi jolea, Guggenheimen arabera. Bere ohiko taldeak lagunduta, Baladas diskoa aurkeztuko dau Bilbon.

Kontzertuetara doazanek, jazz musika garaikidea entzuteko aukeraz gan, ezohiko ordutegian museoko erakusketak ikusteko modua izango dabe. Bill Violaren atzera begirakoa, Pariseko mende amaierako artistena, George Baselitzen bildumea, Ken Jacobsen film esperimentala eta abar dagoz une honetan Guggenheimen. Emonaldi bakotxerako sarrerea 16 euroan dago salgai eta deskontuak dagoz Museoaren Lagunentzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu