Galarrenaren 105. urteurrena gogoratuko dabe bermeotarrek asteburuan

Bizkaie! 2017-08-07 13:20   Musikea

Itsasontzien desfilea eta lora eskaintzea egongo dira, besteak beste, 1912ko tragedian hildakoen omenez.

Irune Ormaetxea zinegotzia, alboetan Galerna alkarteko ordezkariak dituala, Aita Guria baleontzian egindako aurkezpenean (argazkia: Bermeoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bermeoko Udalak eta Galerna Taldeak ekitaldi ugari antolatu ditue hurrengo egunotan, 1912ko ekatxaren biktimak gogoratzeko. Abuztuaren 12an beteko dira 105 urte, baina aurreko eta osteko egunetan be jarduerak antolatuko ditue. Irune Ormaetxea Bermeoko turismo zinegotziak eta Galerna Taldeko Unai Bilbaok eta Gotzon Zabalak aurkeztu dabe egitaraua.

1912koa 20. mendeko tragediarik latzena izan zan euskal kostaldean, antolatzaileek gogoratu dabenez. Matxitxakoko lurmuturretik 45 miliara arrantzan egozan 143 arrantzale hil ziran, euretatik 116 bermeotarrak eta besteak inguruko herrietakoak, Elantxobe, Lekeitio eta Ondarroakoak, hain zuzen. Bermeoko herriak arrantzale horreei guztiei eta euren bizia aurrera atera behar izan eben familiei omenaldia egin nahi deutse, adierazo dabe Bermeoko Udaleko eta Galerna Taldeko kideek.

Abuztuaren 11n, barikuan, hasiko dira ekitaldiak. Brandari taldearen eskutik, Itsas Market merkadua zabalduko dabe Olatu kaian, astialdi jasangarria, bertoko produktuak, uretako kirolak eta bardintasuna buztartzeko asmoz. Azokea ez eze, jarduera ugari egongo dira merkaduan: tailerrak, kontzertua, gastronomia...

Biharamunean, hilaren 12an, barriro zabalduko dabe Itsas Market. Ganera, goizean belaontzien estropadea antolatuko dabe, Bermeotik Izarora. Kortxoa birziklatzeko tailerra izango dabe umeek. Arratsaldean Piratak Sukaldean tailer gastronomikoan parte hartzeko eta atuna erreta probetako aukerea egongo da.

Abuztuaren 12an bertan, galarrenaren urteurrenaren egunean, urteroko gomuta ekitaldiak egingo dira, iluntzean. Hildako 143 arrantzaleen omenez, itsasontzi tradizionalak uretaratuko dira eta 21:00etan prozesino isila hasiko da, Xixilira bidean. Lehorrean geratzen diranak Baztarretik Portuzaharrera bajatuko dira, Kankinkabara txistulari taldeak lagunduta, eta han kandelak biztuko ditue; kandelak eskuan, bokalera joango dira herritarrak eta han bat egingo dabe itsasontziakaz. Izaro abesbatzeak girotutako ekitaldi hunkigarrian, lora eskaintzea egingo dabe.

Ganera, zapatuan doban bisitau ahal izango dira Aita Guria baleontzia eta Arrantzaleen Museoa. Egun horretan museora doazan guztiei opari bana emongo deutsie.

Ekitaldiak amaitzeko, abuztuaren 13an barriro egongo dira Itsas Market eta umeentzako tailerrak. Bermeoko Udalak eta Galerna Taldeak ekitaldietan parte hartzeko deia egin deutsie herritar guztiei. Gure arrantzaleak eta historiagaz dogun loturea gogoratzeko egitaraua dala azaldu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu