Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak alkarregaz antolatuko ditue Europako Ondarearen Jardunaldiak

Bizkaie! 2017-08-07 10:01   Kulturea

Paisaje bizia, paisajeen eraikuntzea lelopean egingo dabe aurtengo edizinoa, urrian.

Orain arte bakotxa bere aldetik ibili da Europako Ondarearen Jardunaldietan. Bizkaiko Foru Aldundiak, esate baterako, aurreko hamasei urteetan programazino oparoa antolatu dau, herrialdeko monumentuak eta paisaje historikoak herritarrei erakusteko. Europa guztirako deiari erantzunez, dobako jarduera ugari egoten dira urri bueltan. Aurten, egitarau hori alkarregaz antolatzea erabagi dabe Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako agintariek.

Lelo bakarra erabiliko dabe hiru lurraldeetan: Paisaje bizia, paisajearen eraikuntzea. Lurraldea konplexutasun handiko prozesu legez interpretauko da 2017ko jardunaldiotan, faktore kultural, sozial, ekonomiko eta naturalen eraginpean. Bizkaiko Foru Aldundiak ohar bidez adierazo dauenez, ikusten doguzan paisajeak ez dira historiaren agertoki hutsa; eten barik eraldatzen diran subjektu aktibo eta dinamikoak dira.

Ondarearen Jardunaldien edizino honetan, Bizkaian 17.a, ondare natural eta kulturala bateratzeko gogoa izango da oinarria, Foru Aldundiaren esanetan. Iraunkortasuna izango da giltzarria. Horretarako, 77 udalerrik 275 proposamen hartuko ditue, ingurumenagaz bat egiten daben ondarearen balioak gizarteratzeko asmoz.

Ondarearen Jardunaldiak Europako Kontseiluaren eta Europar Batasunaren arteko lankidetzearen emoitzea dira. Deialdiak arrakastea dauka kontinentean, 50 herrialdek parte hartzen dabe eta. Bizkaian 2001ean hasi ziran kanpaineagaz bat egiten eta urterik urtera gero eta eragile publiko zein pribatu gehiago batzen jakoz ekimenari, Foru Aldundiaren koordinazinoagaz. Aurten, ganera, Arabako eta Gipuzkoako aldundiek bat egin dabe Bizkaikoagaz eta hirurek konpartiduko ditue gai bera eta programazino bateratua.

Informazino gehiago, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu