Bizkaia autoz hobeto ezagutzeko hamar ibilbide aurkeztu ditue

Bizkaie! 2017-08-04 11:14   Kulturea

Drive & Enjoy gidea Bizkaiko uri eta udalerrietako turismo bulegoetan egongo da eskuragarri doban, euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.

Bizkaia sakon ezagutzeko esperientziaz ahalik eta gehien gozetako asmoagaz sortu dabe Drive & Enjoy turismo gidea Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Hamar ibilbidek osotuten dabe bilduma hau eta danek daukie abiapuntua uriburuan. Kostaldea, natura-espazioak, herriak, monumentuak, gastronomia, enoturismoa, familia-planak eta beste erakargarritasun asko batu ditue argitalpenean. Guztira, 23.000 ale plazaratuko ditue, doban, Bilbao-Bizkaiaren turismo-bulego bietan (Plaza Biribila 1 eta Mazarredo zumarkalea 66) eta ganerako udalerrietako turismo-informazinorako puntuetan.

Drive & Enjoy Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoagaz batera, sortu dauen lehenengo touring gidea da eta lurraldeko herritarren artean txangozaletasuna sustatu nahi dau.

Bilbok ganera, turismo-fluxuak lurralde osotik banatu nahi ditu, Turismo Estrategia 2020n jaso daben legez.

Gideak batzen dituan hamar ibilbideei jagokenez, bisitari eta egoiliarrek Bizkaiko txokorik ederrenak ezagutu ahal izango ditue modu koherente, erraz eta oso bisual baten. Egun bakarrean egiteko bidaiak dira danak. Herritar gehienak Bilbo Handian dagozala aintzat hartuta, bai eta turismoa heltzeko ate nagusia dala jakinda, ibilbide guztiak Bizkaiko uriburutik abiatuko dira, eta errepideen ganeko informazino praktikoa jasoten dabe, aitatutako lekuetara erraz heldui ahal izateko.

Drive & Enjoy euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez eskuratu ahal izango da.

Honeek dira hamar ibilbideak:

1. ibilbidea. Mendebaldeko kostaldea. Memoria sutsu eta gaziak.

2. ibilbidea. Erdiguneko kostaldea. Olatuak, herensugeak eta txakolina.

3. ibilbidea. Ekialdeko kostaldea. Dunak, nortasuna eta baso margotuak.

4. ibilbidea. Kadaguako ibilbidea. Erdi Aroko oihartzunak.

5. ibilbidea. Bailara ezkutuen ibilbidea. Naturea eta luxua.

6. ibilbidea. Nerbioiko ibilbidea. Urak hegan egiten ikasten dauen tokia.

7. ibilbidea. Arratia bailarea. Landa-xarmea mendi eta larrea artean.

8. ibilbidea. Durangaldea. Omenaldia harriari eta magiari.

9. ibilbidea. Bilboren inguruan. Uria goitik begiratuta.

10. ibilbidea. Bizkaiko txakolina. Oso gurea dan ardaoa..

Drive & Enjoy gidan bestalde, atal bat eskaini deutsie autokarabanan egiten dan turismoari, Bilbo zein Bizkaian mueta horretako turismoa gero eta ugariagoa dalako. Hain zuzen be, Kobetamendiko aparkalekua, Sopela, Lanestosa, Elorrio, Bermeo eta Lekeitioko autokarabanen eremuei eta ibilgailu horreentzako tokiak dituan kanpinen ganeko informazino praktikoa eskainiko dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu