Igiriñaon mezea egingo dabe San Inazio egunean

Bizkaie! 2019-07-30 13:03   Kulturea

Gorbeibusak egun guztiko zerbitzua emongo dau doban.

Aspaldiko ohitureari eutsiz eta jai-eguna aprobetxauta, Gorbeiara igongo dabe San Inazio egunean hainbat herritarrek. Katedral naturala da Igiriñaoko Elurretako Amaren baseleizea, Bizkaiko eta Arabako mendirik altuenaren magalean, 1.119 metroan. Bertan egingo dabe mezea, garagarrilaren 31n, eguerdiko 12:00etan, Bizkaiko jagole San Inazioren omenez eta azken urtean hildako mendizaleen eta artzainen gomutan.

Bilboko Eleizbarrutiak azaldu dauenez, oraintsura arte domeka eta jai egun guztietan egiten zan Igiriñaon mezea, uda sasoian; gaur egun, San Inazio egunean baino ez da egiten. Jatorria zein dan garbi ez dagoan arren, badirudi inguruko artzainek hasi ebela ohiturea.

Zeanuriztarren artean esangura sakona dauka ospakizunak. Urtero legez, Andra Mariari egindako ereserkia abestuko dabe, Andra Maria Igiñakoa izenekoa. Zuia, Orozko, Galdakao, Zornotza, Bilbo eta Arratia osotik be joaten da jentea, gehienak Gorbeiako Kurutzera joan-etorria egin eta gero.

Mezearen ondoren, Zeanuriko Udalak ohiko  barauskarri  ezaguna eskainiko dau: ardao zuria eta gailetak. Erromeria eta giro alaia be ez dira faltauko Igiriñaoko parajean.

San Inazio egunean Gorbeian batu ohi dan jenteari bidea errazteko, dobako autobus-zerbitzu berezia ipiniko dau Bizkaiko Foru Aldundiak Areatza eta Pagomakurre artean. Lehenengo Gorbeibusak goizeko 07:00etan urtengo dau Areatzatik. 19:00etan bueltauko da Pagomakurretik azken autobusa. Hogei minuturik behin ibiliko dira autobusak norantza bakotxean. Helburu bi daukaz zerbitzuak: ingurune naturala babestea eta Gorbeiako pistetan zirkulazino arazorik ez egotea.

Areatzako beheko autobus-geltokitik hur, zazpi aparkaleku atonduko ditue Bizkaiko Foru Aldundiak eta Areatzako Udalak, erabiltzaileek autoa bertan itxi eta autobusa erraz-erraz hartu deien. Aldundiak ohartarazo dau, Gorbeiako pistetan ibilgailu pribaduak sartzea debekatuta egongo dala egun guztian. Ganera, autobusaren bidean ezin izango da zaldiz edo bizikletaz ibili.

 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu