Hong Kong igitaia eta mailuaren artean (II)
2017-07-26 12:00 BidaideHong Kong-ek erakusten dauen abanguardia arkitektoniko eta luxuzko irudiaren atzean kolonialismoaren sasoiko eraikin trauskilak eta miseriazko azpimundua dagoz.
Bildurra daukat, ez dakit zer jazoko dan 2047 urtetik aurrera, dino Joshua Wong-ek. Aterkien Mobimentuaren bultzatzaile honek Estadu Espainiarreko Podemos alderdiagaz bat egiten dauela baieztatu dau. Nik ez dot independentziaren alde egingo, baina autodeterminazinorako erreferendumaren alde nago. Hong Kong demokratikoa izatea nahi dot. Horregaitik, herria burujabea izan behar dau, sistema biren herrialdea, sistema bakarrekoa edo independentzia nahi dauen erabagiteko.
Aktibista guztiek autortu dabe belaunaldien arteko urradura bat dagoala, demokrazia eta lokalismoaren alde dagozan gazte eta Txinan sartu baino lehenagoko Hong Kong-en jaio diranen artean. Askok pan-demokratei botoa emoten deutsie edo Pekineko erregimenaren alde dagoz. Egonkortasuna nahi dabe Iraultza Kulturalen eta Tiananmeneko sarraskiaren erreferenteak diralako eta alderdi komunistearen bildur diralako. Uste dabe erreforma ekonomikoak nahikoa aurrerapusu dirala protestan ez ibilteko, dino Nicholas Bequelin Asiako Ekialdeko Amnesty Internationaleko zuzendariak. Eta 60. hamarkadako mendebaldeko mobimentu hippiagaz analogia egiten dau. Gazte horreek Bigarren Mundu Gerra bizi eben nagusiak kontra zituelako.
Estaduko unibersidade eta Txinako gobernuko inork ez dau nahi izan erreportaje honetarako alkarrizketa bat emon, baina Hong Kong-ek hartutako norabidea begi onez ikusten dabenek baikortasunari eusteko arrazoi ekonomiko eta egonkortasun sozialakaitik dala dinoe.
Pekinen aldeko komunikabideetan gehien aitatzen daben kontuetako bat da, kolonia ohiak 2017an izan eban krisi ekonomiko globalaren eragozpena, neurri handi batean Txinak emon deutson babesari esker. Honegaz batera, Hong Kong be munduko lurralde konpetitiboena dala be agertzen da askotan komunikabideetan. Bertako ongizate mailea Estadu Batuak edo Europar Batasunekoagaz konparau daiteke. Cliff Buddle berak autortu dau arazoa egoerearen pertzepzinoan dagoala eta ez errealidadean.
Kazetari hau South China Morning Posten hasi zan lanean 1994an eta ordutik hona Hong Kong-en izandako jazoera garrantzitsuenen barri emon dau eta egiaztatu ahal izan dauenez, gazteriak aukeren murrizketea sentiduten dau eta ez dau bere burua kapaz ikusten beharrezkoak diran aldaketak aurrera eroateko.
Holan, 18 eta 29 urte bitartekoen % 60k emigretako edo alde egiteko asmoa dauka eta % 80 ez dago gustura oraingo egoera politikoagaz. Bequelinek ganeratu dauenez, gazteek gero eta arazo gehiago ditue etxebizitza duin bat lortzeko, izan be, Hong Kong munduko uri karuenen artean dago eta higiezinen sektorea ganera, Pekinegaz loturea dauen oligarkien esku dago.
Hong Kong-ek erakusten dauen abanguardia arkitektoniko eta luxuzko fatxadearen atzean kolonialismoaren sasoiko eraikin trauskilak dituan miseriazko azpimundua dago.
SOCO deituriko Gobernuz kanpoko Erakundeak aurreikusi dauenez, 250.000 persona pisu oso txikietan, ilegaletan eta batzuk kaioletan be bizi dira. Yan Chi Keung-ek 63 urte ditu eta horreetako bat da. Guztira 4.200 dolar irabazten ditut Hong Kong-en (480 euro inguru), azaldu dau Yan, bere koltxoian etzanda dagoala eta ia entzun ezin daitekeen ahots fin bategaz. Elbarritasun pensinoa eta etxebitza laguntzinoari esker jasoten dodana da, azaldu dau garraio enpresako langile ohi honek. 1.260 dolar ordaintzen ditu, ia 150 euro hilero metro bateko zabalerea, beste metro bateko altuerea eta metro eta 90eko luzerea dauen kaiola bategaitik.
Hortik hur dagoan bloke baten, bikote gazteek eta ama ezkonbakoek korridore luze eta estu bat konpartiduten dabe. Egurrezko xaflakaz banatzen dabe espazio hau. Zorioneko gitxi batzuek baino ez ditue leihoak. Bertako haizeak Hong Kong-eko hezetasuna nahastau egiten dau gas sukaldeek botaten daben frijiduen usainagaz. Bertan bizi diranen arabera, sistema honek sute bat pizteko arriskua dakar ganera. Biztanleek soldata minimoa baino gehiago irabazten dabe, baina halan da ze, ezin dabe etxebizitza duin baten bizi.
Makroekonomiaren ikuspegitik, Baquelinek Hong Kong galtzen dagoan lehia be azpimarratu dau, Txinako beste urien gorakadakaitik, Shanghain batez be. Ziur nago Pekinek Hong Kong-eko elite ekonomikoak ordezkatu nahi dituala, ekonomia dalako hain zuzen be, gatazka honen arrazoietako bat. Eta eregi daitekeen lurraldearen enkanteak oso argi lagaten dau nor dabilen irabazten: erosleen % 60 Asiako enpresak dira. Ganera, Hong Kong-en ospeak Txinako BPGn behera egin dau 1997ko % 19tik, gaur egungo % 2ra. Eta beherantz egiten jarraitzen dau. Halan da ze, Baquelinek azpimarratu dau oraindino nazinoarte mailan erreferente onenetakoa dala, merkatu balore erreal bategaz eta atzerriko inbertitzaileek baloretan daben legezko bermeakaz.
Txinaren potere ekonomikoa beste sektore batzuetan be nabarmena izan da. Prentsea izan da arreta gehien piztu dauena. Izan be, South China Mornin Post egunkaria Alibaba enpresa elektroniko erraldoiari saldu deutsie. Nahiz eta bertako herritarren artean salketa honek eragin dituan kritikak izan, Buddlek ziurtatu dau erredakzinoan zeozertxu aldatu bada onerako izan dala. Txinako enpresa batek komunikabide bat erosten dauenean, jenteak berehala uste dau lerro editorialean eragina izango dauela. Baina ziurtatu neike hori ez dala gertatu. Txina eta Hong Kong-eko gobernuakaz kritikoa izan naz beharrezkoa zala uste izan dodanean eta askatasun osoagaz idazten jarraitzen dot.
Are gehiago, Buddlek Txinako kapitalari ondoetorria emoten deutso. Goranahia irabazi dogu, onlinezko hazkunde estrategia dogu eta ganera, jentea kontratatzen gabilz. Txinaren ganeko barriak jorratzen dituan erreferentziazko egunkaria izan nahi dogu mundu mailan eta honek herrialdeko gertakariez benetan gertatzen danaz informau. Hong Kong leku ezin hobea da hori lortzeko, dino. Hori bai, Buddlek onartzen dau gero eta gatxagoa dala iturri ofizialak lortzea eta Hong Kong-eko etorkizunerako garrantzitsua dan alderdi bat nabarmendu dau. Sistema judiziala aske mantentzea.
Esangura horretan, erreportaria baikorra da. Uste dot ‘herrialde bat, sistema bi eredua dala Txinarentzako onena eta Pekinek horri eutsiko deutsola nahiz eta autonomiaren amaierea eta alderdiaren barruko presinoen mehatxupean egon. Baquelinek, halan da ze, etorkizun baltza ikusten dau eta ez dau pentsau be egin gura zelan izango dan Hong Kong 2047. urtean. Baina tentsino larriak aurreikusten ditu. Arazo nagusienetako bat da Pekinek abertzaletasuna eskatzen deutsiela uritarrei eta hau Alderdi komunisteari leialtasuna agintzearen parean jarten dau. Hong Kong Tíbet eta Xinjiang-en bidea jarraitzen dabil, abertzaletasuna denpora guztian erakutsiz. Wong-ek be ezkortasunaren alde egin dau, baina konbentziduta dago bere eskuetan dagoala zeozertxu egitea Hong Kong-eko sistema politikoa Txinakoaren antz handiagorik ez izateko. Ez dago sistema komunistearen barruko herrialderik demokrazia lortu dauenik. Lortzen badogu, historia egin dogulako izango da, amaitu dau irribarrea ahoan dauela.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!