Munduko Musikak Bilbon Aste Nagusian

Bizkaie! 2017-07-14 12:29   Musikea

Kubatik, Jamaikatik eta Kolonbiatik etorritako taldeak Bilboko agertokian. Kontzertu guztiak gaueko 23:30ean hasiko dira.

Zuzeneko handiak dira Munduko Musikek Plaza Barrian eskaintzen dituenak. Bilboko gune hau egunero jentez beteko da hainbat kulturako soinu eta erritmoakaz.

Kubatik, Espainiatik, Jamaikatik, Estadu Batuetatik eta Europako Iparraldetik etorritako taldeek publikoa jantzan jarriko dabe, edade-tarte guztientzako ikuskizunak eskainiz.

Abuztuaren 19an, Aste Nagusiari hasierea emonez, Puerto Candelaria talde kolonbiarra ikusteko aukerea egongo da. Bere herrialdean erantzun handia izan ondoren, kontzertu ausarta, barria eta liluragarria ekarriko dau taldeak urira.

Hurrengo egunean, Bilbao Reggae Splash jaialdiaren txandea izango da. Estadu mailan ospatzen dan eskarmentu handiko jaialdia da eta domekan, hilaren 20an,  bere XXVI. edizinoa ospatuko dau.

Abuztuaren 21ean, astelehenean, Kubako Folk astea hasiko da. Honen barruan, Septeto Nabori  taldeak bere doinuakaz Plaza Barria beteko dau. Boleroak, guaratxak… 50 eta 60. hamarkadetako musika kubatar onenak publikoa jantzan jarriko dau.

Fatty Farmers countryk, balkan eta irlandako doinuak buztartuko ditu. Honezaz gan, taldeak bere azken lana, Escape from the dirty pigs, aurkeztuko dau.

Gozategi euskal taldeak 25 urte beteten ditu aurten eta Aste Nagusia urteurrena ospatzeko hitzordu ezin hobea da. Abuztuaren 23a izango da aukeratutako eguna Gozategi 25 urte ikuskizuna aurkezteko. Bertan, artista konbidadu ugari egongo dira, eta trikitixea eta panderoaren musikeaz lagunduta urtebetetzea ospatuko dabe.

Abuztuaren 24an, flamenkoaren txandea izango da plaza Barrian. Cancanilla de Malaga, Carrete de Malaga, El Alvarez eta Juan Requena, besteak beste, izango dira Bilbao Flamenco ekimenak ekarritako izen handiak.

Hurrengo egunean, Travelling Brothers taldeak kontzertu berezi bat eskainiko dau. Bertan, Ina Forsman + JT Lauritsen + Andy J. Forest + Francisco Simon artistek be parte hartuko dabe.

Abuztuaren 26an, Freedonia taldeak urrezko dominea jarriko deutso Aste Nagusiari. 2006an Madrilen sortutako taldea da. Ordutik soul eszenan maila handiko talde bihurtu da. Energiaz beteriko soula jorratzen dau hamaika musikariz osotutako talde indartsu honek. Kantari ikusgarria tarteko dala, erritmo biziak aurkeztuko ditue Bilbon.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu