Bilbo aire zabaleko musikearen Europako erreferentzia izango da

Bizkaie! 2017-07-04 10:29   Musikea

Depeche Mode, The Killers, Die Antwoord edo Two Door Cinema Club kartelburuak izango dira BBK Live jaialdian, garagarrilaren 6an, 7an eta 8an.

Bilbao BBK Live jaialdiak XII. edizinoa ospatuko dau aurten, eta aire zabaleko pop rock musika-jaialdien artean nazinoarteko erreferentzia izango da. Kobetamendin atondutako esparrua jaialdiko giroaz eta musikaz beteko da aurten be, bertan 70 musika-talde eta banda baino gehiago batuko dira bost agertokitan.

Depeche Mode, The Killers eta Die Antwoord izango dira edizino honetako kartelburuak, baina nazinoarteko Justice, The 1975, Phoenix edo Two Door Cinema Club taldeak be bertan izango doguz. Estaduko eta bertoko artistei erreparauta, Coque Malla, Dellafuente & Maka, Xoel López eta Niña Coyote eta Chico Tornado izango dira, besteak beste.

Musika elektronikoak bigarren urtez jarraian txoko berezi bat izango dau Basoa gunean, eta kartel ederra eskainiko dau Dixon, Daphni, The Black Madonna, Motor City Drum Ensemble, Andrew Weatherall, Javi Green eta beste hainbat artistagaz.

Bereziak zikloa aurten be itzuli egingo da jaialdia uriaren erdigunera eroateko, izan be, giro ona urigunera ekarri eta zuzeneko musikea eskainiko deutse biztanle zein bisitariei Kobetamendiko empnaldien ordutegitik kanpo.


Depeche Mode

Garagarrilaren 6an, Justice nahiz The 1975 taldeek be joko dabe, besteak beste. Banda britainiarrak hirugarren aldiz aukeratu dau Bilbao BBK Live jaialdia Global Spirit Tour munduko birea egiteko, maiatzean Stockholm urian hasi zana. Depeche Mode taldeak 100 miloe disko baino gehiago saldu ditu eta 30 miloe zale baino gehiagoren aurrean jo dau mundu osoan. Bilbao BBK Live jaialdira bertaratzen diranek, beraz, taldearen musikaz eta ikuskizunaz gozetako beste aukera bat izango dabe.


The Killers eta Phoenix

Garagarrilaren 7rako programautako kontzertuen artean The Killers taldearen ikuskizuna nabarmendu behar da Spaceman, Human edo Bones arrakasta nagusiakaz. The Killers taldeak 22 miloe disko baino gehiago saldu ditu mundu osoan, Grammy sarietarako zazpi izendapen, Brit Awards bi eta lau NME lortu ditu, besteak beste.


Die Antwoord eta Two Cinema Club

Jaialdiaren hirugarren eta azken egunean luze itxaron dogun Die Antwoord taldearen txandea izango da, gaur egungo bandarik ospetsuenetako bat. Hegoafrikarrek musika-eszenara iraultzea ekarri eben 2010ean debuteko diskoagaz, eta nekaezinak dira rapa eta jantzan egiteko musika zein euren jaioterrikoa maisuki buztartzen dituenean, estetika oso-oso berezia dabe eta.


Bertoko taldeak

Bilbao BBK Live jaialdian estaduko eta bertoko taldeak be izango doguz, besteak beste, Coque Malla, Dellafuente & Maka, Xoel López, Niña Coyote eta Chico Tornado, Los Punsetes, Izaro eta Zazkel.

Coque Mallak album barria aurkeztuko dau, post-Ronaldos osteko etapako zazpigarrena eta Mujeres lanaren arrakastearen ostean kaleratua. Beste alde batetik, Niña Coyote eta Chico Tornado bikote donostiarraren rock-soinuak Kobetamendi leherrarazoko dau Eate lanaren aurkezpenean, soinu sakon, indartsu eta soilez betea.

Dellafuente & Maka arduratuko dira flamenkoa, hip-hopa, reggaetona eta soinu prozesadoreak Bilbora ekarteaz, bikain nahastauta uri-musikea guztiz aldatu dabelako. Punsetes taldeko kideak estaduko handienen artean finkatu dira eta Kobetamendira helduko dira ¡Viva! bosgarren diskoagaz eta betiko garraztasunagaz.

Banden Lehiaren azken edizioko irabazleak, Zazkel taldeak, jaialdiaren karteleko bandei gehitu jake; 80ko hamarkadako euskal pop-ean, afrobeat-ean, eta disko musikan oinarritutako erritmo proposamen interesagarria aurkeztuko dabe.

Xoel López estaduko artistarik nabarmenetako bat da. Pop-rock estilorik alternatiboenaren eta folk klasikoaren artean kokatzen da beti, eta bere burua artista libretzat dauka. Bilbao BBK Live jaialdira diskografiarik onenagaz etorriko da, aurreko etapan Deluxe legez grabautako lan asko barne hartzen dituana.

Bestetik, Bizkaiko Izaro kantautore gazte-gazteak bertoko eszenea bereganatu dau bere ahots leunari esker, pop-folk instrumentazino zehatz eta ederrez jantzitako nortasunagaz. Deskubridu beharreko altxor bat.


Bereziak Zikloa Bilboko kaleetan

Bilbao BBK Live jaialdian barriro be antolatuko da Bereziak zikloa; horri esker, jaialdia erdigunera hurrreratzen da urtero eta Kobetamenditik kanpo be jai-giroa izaten da nagusi, jaialdiaren astean kontzertuak eta jarduerak egingo baitira. Garagarrilaren 6an, eguenean, motorrak berotzen hasiko gara jaialdia hasi aurretik, izan be, betiko ezusteko kontzertua eskainiko da BBK Salaren kanpoaldean, 13:30ean. Hilaren 7an, Rufus T. Firefly, Nudozurdo eta Silvia Bocca & Gang bandearen txandea izango da. Taldea zapatuan bere bertan izango da Delorean, Iseo & Dodosound w/The Mousehunters taldeakaz batera. Bestalde, Jägermusic itsasontzia Kaixo, Rrucculla eta King Kayman-egaz itsasoratuko da Pio Baroja kaitik. Zapatuko emonaldietan, Play'N'Kids be izango da.


Eraso sexistarik bako jaialdia

Jaialdiaren aurkezpenean, Last Tour-ek eta Bilboko Udalak Bilbao BBK Live jaialdian eraso sexistei aurre egiteko lehenengo kanpainearen barri emon dabe. Aste Nagusian erabilten dan Ez beti da Ez. No es no mezu argia erabiliko da, eta asmoa da herritarren arreeta erakartea errespetuan eta askatasunean oinarritutako harremanen aldeko jarrerea erakutsi deiela. Eraso sexisten kontrako protokolo zehatz bat dauen lehenengoa da estaduko jaialdi handien artean. Uribilduko jaietan egiten dan lez, mezua biziagotzko estrategia zehatz bat jarri da abian: Bilbao BBK Live jaialdian eraso sexistakaz ez da ezelako tolerantziarik egongo.


Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu