Harvard Unibersidadeak 14 ikastetxetako 120 irakasle batu ditu Begoñazpi Ikastolan

Bizkaie! 2017-07-03 07:58   Kulturea

AEBetako aditua eta mundu mailan eredu dan Jessica Ross, hilaren 3tik 5era Bilboko ikastola honetan izango da II. Udako Eskolea zuzentzen.

Begoñazpi Ikastolako II. Udako Eskoleak, garagarrilaren 3tik 5era, astelehenetik eguaztenera, 14 ikastetxetako 120 irakasle batuko ditu; bertan izango da Harvard Unibersidadeko irakaslea eta munduan hezkuntza-barrikuntzea zabaldu eta AEBetan jorratu dauen Project Zero taldeko koordinatzailea, aditua eta hezkuntzan mundu mailan eredu dan Jessica Ross.

Bilboko ikastola honetako ikastaroa, Ross aditua dan eta Hezkuntzan ahaztutako atala dan Arte-Pentsamenduan oinarrituko da, hau da, artearen bidezko pentsamenduaren garapenean. Standard Times Foundationek eta Community Foundation of Southeastern Massachusettsek 2007an, Urteko andereño izentau eban. AEBetako irakasleak hiru egunetan emongo dituan tailerretan zein berbaldietan, zenbait ikasgaitan, edertasuna, estetikea, artea eta diseinua sartzeak dauen eragina eta garrantzia azpimarratuko dau, izan be, arte-pentsamendua mundu guztiko hezkuntza-adituek osotzen daben lan-taldea da, Ulermenerako Irakaskuntza metodologia sortu dauen Project Zero taldeak landutako diziplinea. Begoñazpi Ikastoleak 2013an Euskadin lehen aldiz ezarri eban irakaskuntza-sistema honek ez dau testulibururik erabiliko ez betiko azterketarik egingo.

Bizkaiko Eleizbarrutiko Ikastolako zuzendaria dan Merkat Bernaolak ondokoa adierazo dau: Hezkuntzeak, eskumako hemisferioa ahaztuz, hau da, arte-adierazpena alde batera itxita, betiko moduan, ezker hemisferioa landu eta erabili izan dau. Baina pentsamendua artearen bidez, makina bat ekintzatan edozein ikasgaitako proiektuetan garatu daiteke, matematika izan zein historia izan.

Beraz, Begoñazpi Ikastolako Udako Eskoleak, hezkuntzan egunero egunero irakasleei artelanak, musika zein diseinua erabilten lagunduko deutse; Rossek diñoan moduan, ikasleen pentsamendua sendotuz eta artea hezkuntza-tresna moduan erabiliz.

Bilboko Begoñazpi Ikastoleak hezkuntza-barrikuntzan eta hobekuntzan eragina eta garrantzia izango dauen mekanismo zein baliabideak, hezkuntza profesionalen esku jarriko ditu. Bernaolak ondokoa azpimarratu dau: Ikastetxeok, ikasleen gaitasunei etekin handiena aterateko eremu edo arlo guztiak aztertu behar doguz. Udako Eskola honetan, Bizkaiko 12 ikastetxetako irakasleez gan, Iruñeako ikastetxe batekoak eta Deustuko Unibersidadeko ikasleak be izango dira.

Ikastaroak estadubatuar adituak zuzenduko dituan osoko saioak eta tailer praktikoak izango ditu. Hezkuntzearen garapenerako diseinua erabilten dauen Design Thinking metodologian aditua eta diseinatzailea dan Myriam Artolak be gidatuko dau tailerretako bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu