Getxoko Punta Begoñako zeramiken egoerearen barri emongo dabe

Bizkaie! 2017-07-03 09:55   Kulturea

Garagarrilaren 4tik 30era egongo da ikusteko aukerea, ohiko bisita gidatuakaz batera.

Aurten, Punta Begoña galerietako bisita gidatuetan, erakusketen programea jarri dabe martxan, Getxoko ondare hau berreskuratzeko proiektuari balioa emoteko helburuagaz. Holan, hil honetan, bertako zeramika apaingarriek jasaten daben kalteen barri emongo da eta kalterik eragin barik zelan garbitu daitekezan be azalduko dabe.

Zeramikek honako kalte honeek ditue batez be: jenteak ganean egindako pintadak eta grafitiak, kaltzifikazinoak, zutabeetako degradazinoa, hezetasunak…

EHU dabil galerien berreskuratze lanetan eta ikerketa taldeek lan ildo honetan izan daben zailtasunik handiena zeramiken jatorrizko koloreak berreskuratzeko modua izan da, hareen ezaugarriak errespetatzeko modu eraginkor bat bilatu behar izan dabelako.

Horregaitik, aitatutako kalte bakoitzerako zenbait proba egin ditue hainbat produktugaz, egokiena aurkitu arte.

Formatu barri honegaz, EHU lantzen dabilen ikerketen barri emoten dabil bisita gidatuetan, hilero aldatzen dituen elementu dinamiko eta dibulgazinozkoen bitartez. Holan, modu bisual eta erakargarriago baten islatu ahal izango dira lanen emoitzak. Apirilean adibidez, galerietako flysch moduko labarraren txandea izan zan; maiatzean, Punta Begoña apaintzen daben zeramika deigarriak, eta bagilan, eraikinaren materialek jasaten dituen kalteak.

Bisita gidatuetan parte hartzeko, izena emon behar da aurretik Getxoko Udalaren webgunean edo Turismo Bulegoaren telefono zenbakira deituta (94 491 08 00). Bisitak 50 minutukoak dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu