Bill Violaren atzera begirakoa aurkeztu dau Guggenheimek
2017-06-29 13:24 KultureaBihartik zemendiaren 9ra bitartean ikusi ahal izango da Bilbon artista amerikarraren ikus-entzunezko piezen aukeraketa kronologikoa.
Bideoartearen garapenaren aitzindarietako bat da Bill Viola, Bilboko Guggenheim Museoko arduradunen esanetan. Horregaitik, era kronologikoan eta tematikoan ordenautako atzera-begirakoa eskainiko deutsie. Amerikarraren ibilbide artistiko osoa erakustea eta ikus-entzunezko artearen bilakaerea aztertzea dira helburu nagusiak. Lucía Aguirre izango da komisarioa.
New Yorken jaio zan Viola 1951. urtean eta 1970eko hamarkadan hasi zan bideoarteagaz esperimentetan. Mistizismoan, poesian eta filosofian interesa eukan eta gai horreek jorratzeko erabilten hasi zan ikus-entzunezkoak. Gizakiaren izakerea, jaiotzea, heriotzea, aldaketa prozesuak eta holako gaiak sarri landu zituan.
Bill Viola: Atzera begirakoa erakusketearen abiapuntuan, artistearen hasikerako bideo sorkuntzetara salto egingo dau bisitariak. Kanal bakarreko zinta zaharrak egongo dira ikusgai, esaterako 1976ko Lau abesti eta 1977-79ko Urmael islatzailea. 1980tik aurrera, Kira Perov artisteagaz alkarlanean hasi zanean, Violaren estiloa aldatu egin zan eta telebistan emoteko moduko piezak sortzen ibili zan. Kamera eta objektibo bereziak erabilita, pertzepzinotik kanpo dagoana erakusteko ahalegina egin eban.
1990eko hamarkadan, ostera, formatu handiko instalazinoak egin zituan Violak, batzuetan gela bateko horma osoa hartzeraino. Ikuslea soinuan eta irudian sartzea zan artistearen asmoa. 2000tik aurrera, ostera, bereizmen handiko teknologia erabilten hasi zan artistea eta barriro formatu txikiagoetara bueltau zan, esaterako Pasioak sailean. Edozelan be, instalazino monumental batzuk be egin zituan sasoi haretan.
Guggenheimek atondu dauen ibilbide kronologikoa gaur egunera arte heltzen da, Violak sortzen segiduten dau eta. Bizi izatearen esperientziaren esentziaren bila dabil, horretarako formatu eta baliabide ugari erabilita. Jaiotza alderantzikatua (2014) da Bilbon erakutsiko dan obra barrienetako bat.
Erakusketeagaz bat eginaz, hainbat jarduera osogarri antolatuko ditu Guggenheim Museoak hurrengo asteetan. Esate baterako, garagarrilaren 9an Bill Violak 1986an egindako Ez dakit zeren antza dudan film luzea proiektauko dabe, Lucia Agirre komisarioa saioko aurkezle dala.
Irailaren 29an, ostera, Isabel Maríaren Tiempos de Tránsito dokumentala emongo dabe, Bill Viola bertan agertzen dalako. Urrian, bideoartean eta Bill Violaren lanean aditua dan John Hanhardt-en berbaldia egongo da. Bestetik, Lucia Aguirre komisarioak eta Luz Maguregi museoko hezkuntza koordinatzaileak euren ikuspuntuaz berba egingo dabe, irailean antolatuko diran saio berezi batzuetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!