Dirurik eta kreditu txartelik bako bizimodua

Zigor Aldama 2017-06-28 08:09   Bidaide

Bikotekidea eta biok eskudiru barik biziko gara egun bian. Bankuko txartelik be ez dogu erabiliko, dana pagauko dogu eskuko telefonoagaz.

Barikua da eta ez daukat alkarrizketa bat be hitzartuta. Gosaria lasaitasunez jan dot eta une aproposa izan leiteke esperimentu txiki bat hasteko: Bikotekidea eta biok eskudiru barik biziko gara egun bi. Bankuko txartelik be ez dogu erabiliko. Dana pagauko dogu eskuko telefonoagaz, Alipay -merkataritza elektronikoko erraldoi Alibabaren menpekoa eta Ant Financial-ek kudeatua- eta WeChat Pay -Tencent-en lehiakidea- zerbitzuak erabilita.

Ez daukat dudarik, erraza izango da. Eskuko telefono bidezko ordainketak munduko beste edozein lekutan baino gehiago garatu dira Txinan. Gazteak eskudirua bakarrik erabiltetik diru elektronikora pasau dira, plastikozko dirua ia erabili barik. Era horretara, igaz 469 miloe txinatarrek erabili eben ordainketa metodo hori eta, guztira, 7,7 biloe euro mobidu ziran. Bai, b-z. Estadu Batuetakoa halako 50 da zifra hori.

Arrakastearen arrazoia agirikoa da: Denda eta zerbitzu gitxik egin deutsie uko sistema honi, batez be uri handietan. Azalera handietako komertzioetatik aire zabaleko merkaduetako saltokietara, eskuko telefonoa da diruzorroa. Garapen txikiagoko eskualdeetan iraultzea atzeratuago doa, baina ziur nago esperimentuak ondo urtengo leukeela han be.

Sistemea oso erraza da. Gure Alipay eta WeChat Pay kontuak bankuko kontuetara lotuta dagoz. Hortik hartzen da dirua, gure aplikazinoen diruzorroetan ez badaukagu nahikoa diru erosketak pagetako. Benetako izenagaz eta nortasun agiriagaz egin behar da erregistroa, baina nabarmentzekoa da zerbitzua ez dala derrigorrez kontu korronte bategaz lotu behar. Esaterako, nire WeChat Pay ez dago lotuta, diruzorroan sartutako diruagaz baino ez dabil.

Goiza erreportaje bat idazten pasau eta gero, eguerdian etxetik urten dogu, bazkaltzera. China Mobile-ren denda baten aurretik pasetean, telefonoko saldoan dirua sartzea atzeratzen ibili nazela gogoratu dot, gaur errekargau ahal izateko. Beraz, ehun yuan gehitu dodaz (13,5 euro), mobilaren bidez. Oso erraza da: Alipayren superaplikazinoan bertan, beste enpresa batzuenak dagoz. China Mobile da horreetako bat, hortaz, neure telefono zenbakia idatzi, zenbat errekargau nahi dodan adierazo eta hatz markea edo pasahitza erabiltea besterik ez dot egin behar eragiketea baieztatzeko. Kitto.

Xinjiangeko, Txinako ipar-mendebaldeko eskualdeko, janaria daukan jatetxe baten bazkaltzea erabagi dogu. Beste edozein be aukeratu ahal genduan, mobilaren bidezko ordainketea danek onartzen dabelako. Arkume saiheskia eta ortuari salteadua jan eta gero, kontua eskatu dogu. Mahaiaren bazter baten QR kode bat dago: Alipayren bidez eskaneau dogu, pagau beharreko prezioa idatzi eta zerbitzariak ordainketea baieztau dau. Kitto.

Urten baino lehen, lagunak gogoratu eragin deust etxeko telefonoaren fakturea pagau behar dogula -China Telecom-. Hori be atzeratu egin dogu esperimentu honegaz bat egin daian. Beste behin, superaplikazinoak atal bat dauka zeregin horretarako. Alipayren bidez telefonoaren fakturak pagau leitekez, baina baita argindarrarena, urarena edo gasarena be. Ganera, helbideratu egin leitekez Alipayn bertan eta, holan, aplikazinoak ordainketa bakotxeko zenbatekoa zein dan esaten deutsu eta onartu besterik ez da egin behar. Beti pasahitza erabilita.

Legezko agiri bat jasotera joan behar dot notarioarenera, hortaz kafea edatea erabagi dogu, antzeko zeozer eskaintzen dauen establezimendu baten, Starbucksen. Minutu batzuk pasau doguz zerbitzariagaz eztabaidan esne bainera bat emon nahi izan deuskulako eta guk pare bat ebagi nahi izan doguz. Ondoren, pagau egin dogu. Oraingoan, WeChat Pay erabili dogu, (oraindino) ez dabelako Alipay onartzen. Kasu honetan, ganera, zerbitzariak berak dauka eskaner bat, aplikazinoak minutu baterako sortzen dauen barra-kodea irakurtzeko, hori da sistemarik hedatuena enpresa handien artean.

Metrora goaz. NFC txartela kargau behar dot, beraz Alipayren barra-kodea irakurtzen dauen makinara joan naz. Bikotekideak sistema arinagoa erabili dau: NFC irakurgailudun telefonoa erabilita, txartela atzeko aldean jarri, aplikazinoa zabaldu eta zenbat diru kargau nahi dogun besterik ez da egin behar. Kitto.

Sartu baino lehen laranja zuku egin barria erosi dogu Vingoo-ren makina baten. Alipaygaz pagauta, praktikoa izateaz gan, hiru yuaneko (40 euro zentimo) deskontua lortu dogu.

Zoritxarrez, Txinan aldatzen ez dana burokrazia da. Agiriak legeztatzeko zentroa lepo beteta dago eta ia ordubete behar izan dogu geure papela jasoteko, Txinako Gobernuaren eta Espaniako Konsuladuaren zigilu banagaz. Hain zuzen be, hemen arazo bat izango genduan zerbitzua lehendik pagauta euki ez bagendu: Eskudirua edo txartela baino ez dabe onartzen. Baina uste dot denpora kontua dala eta mobileko dirua laster onartuko dabela.

Metrora bueltau gara. Carrefourrera joan behar dogu erosketak egiten. Frantziako enpresa hori da, bitxia bada be, aplikazino gehien onartzen dabenetako bat: Kutxa bakotxean zerrendea dago, Alipay, WeChat Pay, Apple Pay eta Samsung Pay. Azken biek ez daukie lehenengo bien onarpena eta, horrenbestez, ez neuke esperimentu hau eurakaz egingo.

Gose gara eta askaritarako bikotekideak youtiaoa -porrearen bersino txinatarra- aukeratu dau, eta Alipayren kodea eskaneauta pagau dau txiringito baten. Nik, ostera, tea eta esnea nahiago dot eta modu berean ordaindu dot. Etxeratu aurretik, kale izkinako dendan erosi dogu frutea. Logikoa danez, era guztietako diru elektronikoa onartzen dau, baegozanik be ez nekian zerbitzu batzuk be bai, esaterako QQ Pay, Baidu Pay eta JD Pay. Aplikazinoen merkadua ganez egiteko bidean da, beste idea txinatar askogaz jazoten dan legez.

Arratsaldea argazkiak editetan pasetea egokitu jat, neskalagunak bere enpresako gauzak egiten dituan bitartean. Berandu egin jaku eta afaria daukagu lagun batzuen etxean, beraz taxia eskatu dogu Didi-n -bai, Txinan Uber erosi eban enpresea-. Zerbitzua, beste behin, Alipay superaplikazinoan sartuta dago, horrenbestez ez dago zertan Didi deskargau, hori be aukera bat dan arren. Taxisteak, berba gitxikoa baina zintzoa berau, mobilaren bidez kobrau deusku. Autoan ondo ainguratutako mobilak txistua jo dauenean, dirua bere kontura heldu dala baieztau dau eta orduan autotik bajatu gara.

Bazkari bat pagau eban lagun bati dirua zor deutsadala gogoratu dodanez, WeChat Payren bidez bialdu deutsat, nire diruzorro elektronikoa erabilita. Zerbitzua dobakoa eta berehalakoa da guztiz. Baieztapena heldu eta berehala, dirua erabili leike.

Zapatua erosketak online egiteko aprobetxauko dogu, Taobao-n, Alibabaren C2C adarrean. Argazki sesino baterako igitaia eta mailua behar dodaz -ez erremintak eurak, ezpada Alderdi Komunistearen sinboloa-, eta ez dago leku hoberik halakoak topetako. Kalean ezinezkoa litzateke. Interneten ehundazak dagoz, tamainu, material eta kolore guztietakoak. Asmakizun bikaina Taobao! Ordainketea, betiko lez, Alipayren bidez.

Ez dogu beste ezer gastau, gauean lagun batzukaz zeozer edateko geratu garen arte. Mobike-ren bizikletea hartu dogu kirol pxka bat egiteko, Alipaygaz pagauta. WeChat erabilteagaitik, deskontua egin deuskue joan garen tabernan, horregaitik zelan pagau ez dogu askorik pentsau behar izan. Eguna amaitzeko, biharamunean Ghost in Shell ikusteko sarrerak erosi doguz. Beste behin, Alipayren aplikazinoaren barruan eta prezio dinamikoakaz.

Pentsetan neban legez, Txinan eskudiru barik bizitea benetan erraza da. Ganera, billeterik eta txanponik ikutu barik bizi ahal izango ginateke. Halakoak behin betiko baztertzea sekula be pentsau ez dodan arren, abantailak baino ez daukazala onartzen dot. Ez hori bakarrik, testu honen hasikerako bersino baten papelezko dirua desagertzeko traba handi bat aitatzen neban, administrazinoa. Eskuko telefonotik egin ezin leitekezan gauzak dagozala uste neban. Esaterako, zergak ordaindu, errentearena eta beste batzuk. Zeregin aspergarri bat da, hilero egin beharrekoa. Dana dala, funtzonarioek eurek zuzendu dabe nire ustea, baieztatzeko deitu dodanean: Alipayren superaplikazinoaren azken eguneratzeari esker, orain egin leiteke. Probau egin dot eta egia da.

Halandabe, sistemeak ikarea emoteko moduko etorkizun batera joko dauela emoten dau. Izan be, kontuan izanda enpresa txinatarrak Gobernuari emon behar deutsiezela honek eskatutako datu guztiak, garbi dago galderak sortzen dirala herritarren pribatutasunaren eta kontrolaren ganean. Zer esanik ez Txina herrialde autoritarioa eta poliziala izanik. Azken finean, aplikazino honeek erabilita itxi dodan datu zerrenda luzeari esker jakin leiteke ze kafe edaten dodan, non egiten dodazan erosketak, non mozkortzen nazan eta zer jaten dodan. Hori dana, ganera, denpora errealean. Eta hori, hackeatua izateko aukerea aitatu barik. Horregaitik, uste dot onena dala era honetako ordainketak eskudirutan egindakoakaz txandakatzea. Eskudirua dagoan artean, jakina.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu