Ánima Eskola ikasguneak Bilboko Antzerki Eskola Jaialdiaren Ikuskizun Onenari Saria irabazi dau
2017-06-27 08:07Hiru sari irabazi ditu Algis Arlauskas sortzaileak Bilbon daroan Ánima Eskola ikasguneak.

Egunotan amaitu da Bilboko Antzerki Eskola Jaialdiaren azken edizinoa, FETABI 2017, SGAE Fundazinoa eta Lurralde Batzordearen eskutik. Aurtengo ekimenean bederatzi sari ziran lehian eta horreetatik hiru irabazi ditu Algis Arlauskas sortzaileak Bizkaiko uriburan daroan Ánima Eskola ikasgunearen eskutik. William Shakespearen klasiko bat nagusitu da, Hamlet' hain zuzen be, David Valdelvira maixu titularrak moldatua. Bilbotarrek Ikuslegoaren Sari Berezia be irabazi dabe eta, akaso, programazino eszenikoaren saririk garrantzitsuaena, hau da, Ikuskizun Onenari Saria.
Euskadiko proposamenak bost ziran: Bilbotik bertatik, Asociación Con la que está cayendo, Asociación Artística Vizcaina eta Anima Eskoletako antzerki taldeak; Getxoko Antzerki eta Dantza Eskolea (Utopian) eta Portugaleteko Arteka gunea. Iruñeatik proposamen bakarra gauzatu da, igaz legez, Nafarroako Unibersidadearena (Mutis por el Foro taldea); Euskal Herritik kanpoko lanak 2 genduzan, bide batez: TECU taldea Logroñoko Errioxar Unibersidadekoa, aurten bigarrenez, eta Madrildik, Autónoma Unibersidadetik etorritako proposamen bat, Álvaro Fdez. Caboallesek aukeztutakoa.
FETABI jaialdian parte hartzerik izan dabe antzerki-eskola ofizial zein ez ofizialetako ikasleek osotutako antzerki talde edo konpainiek, Espainiar estadukoak izanik. Bide batez, unibersidade-campusetako ikasleek osotutako antzerki taldeek. Lehiaketan aurkeztu diran antzezlanen testuak, originalak edo aurreko obra dramatiko edo beste genero bateko moldaketak izanda bere, aurretik SGAEn erregistrauta egon behar ziran, edo Jaialdian publikoaren aurrean antzezten ziranean erregistrauta egon behar. Horrezaz gan, aurkeztutako obrak (gehienez hiru) Espainiar estaduko edozein hizkuntza ofizialean antzeztu ahal izango ziran, beti be, urte hasieran onartutako oinarrien arabera.
Era berean, zeozer berezia dabe sariok, izan be, sariak baino antzerkigintzan formazinoa eta prestakuntzea sustatzea bilatzen da. Hasiera batean hamar aitamen aurreikusi dira, hain zuzen be: Egiletza Originalaren Testu Onenari Saria (500€); Emakumezko eta Gizonezko antzezle Onenari Saria (300€ bakotxa); eta, Ikuskizun Onenari Saria (200€). Era berean, FETABI Kupula Saria (seigarren pisuko aretoan parte hartzerik dabenentzako, 200€) eta Euskal Erkidegotik kanpoko taldeari FETABI Kupula Saria be (200€). Ez da, bestalde, Euskarazko Ikuskizun Onenari Saririk egongo, euskerazko lanik aurkeztu ez dalako aurten. Horreekaz batera Ikuslegoaren Saria eta Moldatutako testu eta Zuzendaritza eszeniko Onenei diploma edo ziurtagiriak dagoz. Berez, lanak aurkezteagaitik be zortzi taldeek parte-hartze ziurtagiria jaso dabe.
Beste alde batetik, Ikuskizun Onenari Saria irabazi dauen antzerki talde edo konpainiak eskubidea izan dau saritutako obrea Campos Eliseos Antzokiaren 2017ko udagoieneko egitarauan sartzeko. Bertendona kaleko eszenatokia, uriko antzerki sarea osotzeaz gan, SGAE eta berorren Fundazinoaren egoitza nagusia da Euskadin.
2016ko edizioan legez, kolaboratzaile ibili dira AISGE Fundazinoa eta Deabru Beltzak taldea, Emakumezko eta Gizonezko antzezle Onenari Sariak eta Ikuskizun Onenarena banatuz, hurranez hurran.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!