Datorren astean hasiko da Bertso Udalekuen aurtengo denporaldia
2017-06-27 08:09 Bertsolaritzea9 eta 18 urte bitarteko 200 gaztek baino gehiagok hartuko dabe parte 20. urteurrena beteko daben Bertso Udalekuetan.
Garagarrilaren 4an Orioko txandeak ekingo deutse aurtengoei, eta gero etorriko dira Irañeta, Bidarrai, Muxika eta Zuhatzako egonaldiak. Danetara, 200 gaztek baino gehiagok gozauko dabe bertsolaritzaz eta aisiaz uda honetan.
Astegoien honetan, zapatuan, emongo deutsagu ondoetorria garagarrilari eta haregaz batera helduko dira Bertso Udalekuak. Datorren martitzenean, garagarrilaren 4an, Orioko Itxaspe baserrira joango dira lehen taldeko gazteak, eta aurrerago Irañeta, Bidarrai, Muxika eta Zuhatzan izena emon dabenei egokituko jake txandea.
Kresalak ekarriko deutse bertsotarako pasinoa 12-13 urte bitarteko gazteei: Orioko Itxaspe baserrian igaroko dabe astea 38 bat lagunek garagarrilaren 4tik 10era. Amaitu eta hurrengo egunean, garagarrilaren 11n, sartuko dira Irañetako Juantzirenan bigarren txandakoak: 13-14 urte bitarteko gazteok Aralar eta Andia mendizerren magalean gozauko dabe bertsolaritzaz. Garagarrilaren 20ra arte izango dira han. Hilea amaitzeko, Bidarrain zein Muxikan 22tik 31ra egingo dira egonaldiak. Lehenengoan 17-18 urte bitarteko lagunek hartuko dabe parte eta Bizkaiko egonaldian, 15-16 urte artekoak. Batean eta bestean 40na bat lagun batuko dira.
Denporaldiko azken bertso udalekua Zuhatzan izango da; 9 eta 11 urte bitarteko bertsozaleak batuko dira ugartean eta ur kirolak izango ditue oinarri bertsolaritzea lantzeagaz batera.
Danetara, 9 eta 18 urte bitarteko 200 gaztek baino gehiagok hartuko dabe parte 20. urteurrena beteko daben Bertso Udalekuetan, eta eurekaz batera izango dira ia 50 bat hezitzaile. Bertsolaritzaz gozauko dabe aisialdi eta kirol ekintzakaz batera eta tartean buztartuko ditue sormenari begirako ekimenak be.
Euskalki aniztasuna eta hartu-emonak bertsolaritzeagaz
Lehen udalekua Hazparnen izan zan, 1998an, Iparraldeko Bertsularien Lagunak Alkarteak eta Udal Leku Alkarteak antolatuta.
Euskal Herri osoko haur eta gazteek hartzen dabe parte bertso udalekuetan. Euskalki aniztasuna da udalekuon ezaugarrietako bat.
Bertso Udalekuak: Bertsolaritzaz lagunarteko giroan gozetako aukerea
Bertsolariakaz zuzeneko hartu-emonak be izaten dira udalekuetan. Txanda bakotxean bertso afaria egiten da, eta gaztetxuek aukerea dabe euren erreferente diranakaz olgetako, berba egiteko eta bertsotan jarduteko. Kantagintzea da beste zutabe garrantzitsuetako bat; txanda bakotxean kantuak sortzen dira, guztien artean udalekuetako diskoa osotuz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!