Bertso eskaintza zabala Uribe Kostan

Bizkaie! 2017-06-26 12:17   Bertsolaritzea

Udeagaz bat eginez, Algortako Bertsolari Eskoleak hainbat saio antolatu ditu eskualde osoan.

Balkoitik Balkoira: Imanol Uria eta Alaia Martin | Ikusi handiago | Argazki originala

Sasoi honetan, urtero legez, Bizkaiko eskualde honetako herritarrek bertsolaritzaz gozetako aukera parebakoa izango dabe. Getxo, Leioa, Barrika eta Gorliz, besteak beste, horren lekuko izango dira hilebete honeetan.

Antolatzaileek dinoenez, pasa dan asteburuan bota eben txupina Algortako Portu Zaharreko Balkoitik Balkoira emonaldian. Bertan Imanol Uria eta Alaia Martin ibili ziran gauean, Etxetxu plazako balkoi batetik bestera. Bertso maratoia beraz, martxan da, Algortako Bertsolari Eskoleak antolatzen ditu emonaldi honeek guztiak. ALBEk bertsogintzearen transmisinoa bultzatzea dau helburu eta horrezaz gan ekitaldi ugari antolatzen ditu urtean zehar.

Uda sasoian, barriz, bertso saioen kopurua biderkatu egiten dabe, ez da eskualdean txokorik lotzen bertsoen zipriztinik jaso barik, dinoe.

Hemendik irailaren azkeneko egunetara arte egitarau gitxi egongo dira eskualdean bertso saio barik. ALBEkoek aitamen berezia egin nahi izan deutsie Algortako San Inazio jaietako eskaintzeari, izan be, egun guztietan egongo da emonaldi bat Kasino plazan. Azkeneko egunean ganera, Bertso Maratoia izango da, jaietako ezinbesteko hitzordua. Jon Maia eta Igor Elortza ibiliko dira eguerdiko saiotik hasita, bertso bazkarian eta osteko kalejiran be bai. Horrezaz gan, Biotz Alai plazan antolatzen daben Bertso Saio Mundiala be nabarmendu nahi izan dabe. Garagarrilaren 5ean izango da, gaueko 21:00etan eta puntako sei bertsolari igongo dira oholtzara: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi, Jone Uria, Onintza Enbeita eta Xabi Paya. Ohi legez, azken unera arte ez da jakinarazoko zein dan gai nagusia.

Uda sasoiko ekitaldi sorteari amaierea emoteko, Hitzaren Dantza saio berezia egingo dabe irailaren 17an. Hirugarren edizinoa izango da honakoa. Ekimen honek bertsoak eta euskal jantzak buztartzen ditu euskal kantakaz batera. Ekitaldiaren formatua igazko bera izango da, hau da, kalejira erraldoia Algortako kaleetan zehar, zazpi gunetan geldituta, eta bakotxean zazpi euskal herrietako jantzak eta kantuak izango dira, bertsoz aurkeztuta. Eguerdian herri-bazkari handia, ostean txalaparta, kantuak eta bertsoak, eta arratsaldean erromeria.

ALBEk berak antolatutako saioez gan, beste hainbat ekimenetan be kolaboretan dau. Aurten, adibidez, irailaren 22an izango dan Bertso Ekitaldi Zientifikoan laguntzinoa emon dau, urte honetako edizinoa Algortako Musika Eskolako Kristalezko Kioskoan egingo da eta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu