Takiji Kobayashiren nobela bi euskeraz plazaratu ditu Katakrak-ek
2017-06-26 09:20 KultureaNagusia kanpoan bizi da eta 1928ko martxoaren 25a japonieratik itzuli ditu Hiromi Yoshidak, eta liburu bakarrean argitaratu.
Japonierazko literaturan, 20. mendearen hasikerako autorerik aitagarrienetako bat da Takiji Kobayashi (1903-1933). Gaztea zala hil eben arren, hainbat elebarri idatzi zituan eta orduko Japoniako langile klasea ulertzeko ezinbesteko obra bihurtu dira. Haren lanik ezagunena Kanikosen nobela laburra da. Katakrak argitaletxeak, ostera, Kobayashiren beste lan esanguratsu bi ekarri ditu euskerara.
Batetik, Nagusia kanpoan bizi da lanean nekazarien mundua agertzen dau Kobayashik. Hokkaido ugartean, feudalismotik kapitalismorako bidea egiten dabilen landa eremuko gizartearen kezkak eta arazoak kontetan ditu, baita nekazarien ahalduntze prozesua be.
Bestetik, 1928ko martxoaren 25a nobela laburrean, Japoniako langile mobimenduaren kontra estaduak martxan jarritako errepresinoa azaltzen dau Kobayashik, batez be torturan arretea jarrita. Hain zuzen be, lan hori argitaratu eta urte gitxira, idazlea bera atxilotu egin eban poliziak eta gogor torturau. Horren ondorioz hil zan, 30 urte betetear zala.
Alderdi teknikotik, edozeinek irakurteko moduko obrak dira Kobayashirenak, Katakrak argitaletxeko arduradunen arabera. Izan be, esaldi argiakaz idea sakonak adierazoteko kapaz zan. Langile klasekoek irakurteko moduko narrazinoak sortzea zan autorearen helburua. Ganera, ez eban beharginen irudi idealizadurik emoten, alde kritikoa be landu eban.
Katakrak argitaletxeak narrazino biak liburu bakarrean argitaratzea erabagi dau. Hiromi Yoshida japoniar euskaldundua arduratu da itzulpenaz. Ganera, Iñigo Aranbarrik hitzaurrea idatzi dau edizino honetarako. Liburua biribiltzeko, 1933an Kanikosen-en ingelesezko bersinoan editoreek sartutako testu laburraren itzulpena be badator, Poliziak Takiji Kobayashi hil egin du izenburupean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!