Enkarterriko Museoak Gerra Zibilaren ganeko erakusketea eta liburua aurkeztu ditu

Bizkaie! 2017-06-23 08:58   Kulturea

Sasoi haretako argazkiak, pieza belikoak, planoak, eta argitalpenak egongo dira ikusgai 2018ko martira arte.

Enkarterri izan zan Gerra Zibileko azkenengo euskal erresistentziaren agertokia. Bilboren ostean, eskualde honek 1937ko bagilaren amaieratik abuztuaren amaierara, alderdi frankistearen aliatu izandako Italiako eta Alemaniako tropen hegazkinek eragindako 300 bonbardaketa baino gehiago jasan zituen, Euskal Herriko beste leku batzuek aurretik jasan eben moduan. Orain arte, jazoera horreek, bizirik iraun ebenen gomutan baino ez egozan eta, ganera, berba egiteko bildurrak lurperatuta. Urtebete baino gehiago iraun dauen ikerketa lanaren ostean, Enkarterriko Museoak, jazoera tragiko hareek ahanzturatik berreskuratu ditu, eta eskualdeko Gerra Zibilaren ganeko lehenengo ikuspegi orokorra zabaldu dau 2018ko martira arte. Erakusketearen izenburua Itxaropena inoiz ez da galtzen. Enkarterri. 1937. Gerra zibilaren azken hilabeteak Euskadin da.

Museoan ikusgai dagoz: tropen joan-etorriak, bonbardaketak, okupazinoa eta Enkarterriko biztanleen alkartasuna, euren etxeetan inguruko lurraldeetatik eta eskualdeetatik etorritako 200.000 errefuxiatu hartuz. Sasoi haretako argazkiak, pieza belikoak, planoak, jantziak, tresnak, dokumentu ofizialak eta egunkariak, besteak beste.

Bestalde, museoak garai haretako 50 lekukotza lortu eta bideoan editau ditu: Tropak sartzea, biztanleria zibilaren ganeko bonbardaketak, trintxerak, gosea, beharra eta gatazka politikoa lako gaiak darabilez, baina alkartasuna eta burrukak be ahaztu barik; gerrako umeen dramea, emakumeek bete eben lekua, errazionamendua edo erregimen totalitarioa atoan indarrean sartuko zala ikusten eban gizartearen bildurra be erakusten da.

Jasotako lekukotzez gan, Enkarterrietako Museoak garai haretan, hainbat adituren ikuspegi historikoan sakondu dau: Xabier Irujo, Aitor Miñambres, Iñaki Goiogana, Ascension Badiola, Javier Barrio, Iosu Gallarreta, Javier de la Colina eta Federico Rodriguez, beste batzuen artean. Antolatzaileek Italiako hainbat artxibategi bisitau ditue, informazinoa jasoteko, eta Sabino Arana Fundazinoaren, Euskal Museoaren, Museo Memorial Cinturón de Hierro izenekoaren eta Biasteriren Adiskideen Alkartearen laguntzinoa jaso dabe, beste zentro kultural batzuekaz batera.

Erakusketea osotzeko, Enkarterriko Museoak liburu bat argitaratu dau, izenburu berberagaz. Argitalpen honetan, Gerra Zibilean Bizkaiko eskualdean jazo zanaren ikuspegi zabalagoa jasoten da, isiltasuna eta ahanzturea nagusi izan ziran urteak gaindituz. Liburuak, Enkarterriko pasarte historiko honen ganeko lehenengo azterlan handia da, eta baita abiapuntua be, holango lanak egiten jarraitzeko, orain arte egindako herri mailako beste batzuri, Balmaseda, Portugalete eta Barakaldo, edo arlo horretan beharrean jarraitzen daben ikerlariei laguntzinoa emonez.

Urtean zehar, Enkarterriko Museoak hainbat muetatako jarduerak egingo ditu: hitzaldiak, ibilbide kulturalak, dokumentazinoa eta oroimen historikoa berreskuratzeko ekintzak, jarduera pedagogikoak, etab. Ekimen horreek guztiek aurrera jarraituko dabe orain arte Bizkaiko eskualdean ahaztuta egon dan historiaren pasarte hori berreskuratzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu