Bilboko Aste Nagusiko kartel lehiaketako sei finalistak aurkeztu ditue

Bizkaie! 2017-06-19 07:59   Kulturea

Herritarrek gogokoenaren aldeko botoa emon ahal izango dabe bagilaren 19tik 23ra.

Bilboko Udalak emondako datuaren arabera, 160 kartel aurkeztu ditue aurtengo lehiaketara, igaz baino % 29 gehiago. Diseinuaren alorreko adituek osotutako epaimahaiak horreen arteko sei onenak aukeratu ditu. Euskal Museoan egindako ekitaldian erakutsi ditue sei finalistak eta orain herritarren esku egongo da irabazlea aukeratzea. 3.000 euroko saria dau zain kartel irabazlearen egileak eta, ganera, 2017ko Aste Nagusiaren ikur ofiziala izango da.

Honeek dira sei finalistak: Mari eta Bali; Denon Artean Altxa Dezagun Marijaia; Chupa Txupi Prego; Bilboko Taupadak Kaleetan Ozen; Todos Distintos. Todos Iguales; eta Gaupasa. Euskal Museoan ikusgai dagoz seirak.

Honenbestez, astelehenean hasita, irabazlea aukeratzeko botazinoa egingo da, hilaren 23ra arte. Modu bitan emon ahal izango dabe herritarrek eretxia. Batetik, boto presentzialaren bidez, Euskal Museoan. Bestetik, interneten, hedabide laguntzaileen bidez edo Udalaren webgunean. Behin betiko erabagian, % 66ko pisua izango dau herritarren botoak (% 33 modalidade bakotxak).

Ganerako % 33 epaimahaiaren eretxia izango da. Honeek dira epaimahaikideak: Jokin Aspuru Getxophoto-ko zuzendaria; David Abajo diseinatzaile grafikoa; Leire Fernández EHUko Arte Eder Fakultadeko irakaslea; Diego Rey Adtonic-eko zuzendaria eta Higinia Garay diseinatzaile grafikoa. Ganera, Bilboko Udaleko Asier Abaunza eta Samir Lahdou zinegotziak, Bilboko Konparsetako ordezkari bat eta Itziar Urtasun be kideak dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu