Ertibil Bizkaia erakusketa ibiltarian, 15 artistaren lanak ikusgai
2017-06-16 13:32 KultureaBilboko Rekalde aretoan aurkeztu dabe bildumea eta, ondoren, Lekeition, Leioan, Basaurin, Bermeon eta Barakaldon egongo da.
Bizkaiko Foru Aldundiak artista gazteentzako Ertibil sariketearen 35. edizinoa antolatu dau eta horren emoitzea da erakusketa ibiltaria. Sahatsa Jauregi Azkarate, Iñigo Varona Sánchez eta Karlos Martinez Bordoy irabazleen artelanak ez eze, beste hainbat artistarenak be aukeratu ditue herririk herriko zirkuiturako.
Lehiaketara 120 obra aurkeztu zituen 83 artistak eta horreetatik 15 aukeratu ditue erakusketarako. Lehenengo txandea Bilboko Rekalde aretoan izango da eta bertan izan da Ertibil 2017ren aurkezpena. Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputadua eta erakusketan parte hartuko daben artistak izan dira bertan. Sormenaren eta barrikuntzearen aldeko postura sendoa da Ertibil, adierazo dau Bilbaok, talentu barriak topetako tresna ezin egokiagoa da.
Artearen hainbat espezialidadetako obrak batu ditue Ertibil 2017 erakusketan: Pinturea, eskulturea, grabaduak, argazkigintzea eta ikus-entzunezkoak. Epaimahai profesional batek aukeratu ditu lanok. Sahatsa Jauregi Azkarate, Iñigo Varona Sánchez eta Karlos Martinez Bordoy irabazleez aparte, honeek dira artista aukeratuak: Nagore Amenabarro, Nora Begoña, María Benito, Marion Josephine Cruza, Teresa María del Romero, Claudia Rebeca Lorenzo, Edurne Martínez, Juan Pablo Orduñez, Oihane Sánchez, María del Mar Torre, Cristian Villavicencio eta Irantzu Yaldebere.
Irailaren 10era arte, Bilboko Rekalde aretoan egongo dira ikusgai horreen artisten obra bana. Jarduera osogarriak be antolatuko ditu Foru Aldundiak, herritarrei Ertibil 2017 erakusketea hurreratzeko. Modu ludiko eta didaktiko baten gizarteratuko dabe artista gazteen lana. Esaterako, bagilaren 22an eta 29an, Garazi Ansa erakusketearen koordinatzaileak azalpenak emongo ditu bisita gidatu baten. 29ko saioa euskeraz izango da. Horrezaz gan, tailerrak be egongo dira udan.
Bilbotik pasau ostean, Bizkaiko beste bost udalerritan egingo dau geldialdia Ertibilek: Lekeitioko Barandiaran aretoan (irailaren 10etik urriaren 2ra), Leioa Kulturako erakusketa aretoan (zemendiaren 6ra arte), Basauriko Ariz torretxean (zemendiaren 13tik 27ra), Bermeko Nestor Basterretxea aretoan (abenduaren 15era arte) eta Barakaldoko Erakusketen Udal Aretoan (2018ko urtarrilera arte).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!