Georg Baselitzen 'Heroiak' Bilbora helduko dira udan
2017-06-16 10:18 KultureaArtista alemaniarrari eskainitako monografikoa dakar Guggenheim Museoak, garagarrilaren 14tik urriaren 22ra arte.
Gaur egungo pintore eta eskultore entzutetsuenetako bat da Georg Baselitz, eta eragin sakona izan dau arte garaikidearen garapenean. Gaztetan, 1960ko hamarkadan hasi eban Heroiak zikloa, pertsonaia dramatiko eta indartsuen serie oparoa. Koadro horreetako batzuk izango dira Guggenheimeko hurrengo erakusketako ardatza.
Heroiak zikloko koadroetan agiri diran pertsonaiek badaukie kontraesan edo paradoxa bat: Sendotasuna eta makaltasuna aldi berean agertzen dira. Formeari jagokonez be, erdiguneko konposizinoak ondo definidutako lerro argiak ditu, eta horren kontrapuntua dira artistearen estilo koloretsua eta pintzelkada basatiak.
1965-66an marraztu zituan Heroiak Georg Baselitzek, 27 urte zituala eta, Guggenheim Museoko adituen esanetan, probokazinoa bilatu eban. Heroikotasuna adierazoten daben elementuak zalantzan jartea izan zan bere asmoa. Haren sasoiko arte alemaniarraren korronte nagusiakaz alderatu ezkero, Baselizek 60ko hamarkadan landu zituan kontzeptuak kontrako norabidean joiazan.
Bilboko museoagaz batera, Frankfurteko Städel Museum, Stockholmeko Moderna Museet eta Erromako Pallazzo delle Esposizioni dira Baselitzen monografiko honen antolatzaileak. Guztira, 68 koadro, zirriborro eta marrazki batu ditue, eta lehenengoz ikusi ahal izango dira danak batera.
Soldaduak, artzainak, matxinoak eta gerrillariak agiri dira Baselitzen obran, horreek dira bere Heroiak. Amore emondako heroiak dira, hondo apurtu baten ganean marraztuak, iluntasunean. Dana dala, etsipenagaz batera, esperantzearen zertzeladak be badagoz koadroetan. Alemaniako gerraosteko egoerearen erakusgarri dira: Baselitzen berak onartu dau behin baino gehiagotan, bera alemaniarra izanik, ezin dauela saihestu begirada alemaniarra bere sorkuntzan.
Bestetik, iraganaren eta orainaren arteko loturea be bilatzen dau Baselitzen monografikoak. Horregaitik, Heroiak serieko piezen alboan, Remix ziklokoak be ipiniko ditue. 2005ean hasi eban serie hori Baselitzek eta 1960ko hamarkadako helburu probokatzailea berreskuratu dau.
Erakusketako komisarioak Max Hollein (San Frantziskoko Fine Arts museokoa), Eva Mongi-Vollmer (Städel Museumekoa) eta Petra Joos (Bilboko Guggenheimekoa) dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!