Sortzaileen lana aintzat hartu dabe Gure Artea sarietan
2017-06-16 09:06 KultureaDonostiako Tabakaleran emon deutsiez sariak María Luisa Fernándezi, Sra. Polaroiskari eta Azala proiektuari.
Sormena bultzatzea eta arte-sorkuntzea garatzeko laguntzinoa emotea da Gure Artea sarien helburu nagusia. Aurtengo edizinoan be, hiru modalidade egon dira. Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura sailburua bertan dala, Donostiako Tabakalera zentroan banatu ditue sariak. Joxean Muñoz Kultura sailburuordea eta Aitziber Atorrasagasti Kulturea bultzatzeko zuzendaria be galan izan dira.
Bingen Zupiriak azpimarratu dauenez, honeek sariok sormenaren garapena bultzatzeko helburua dabe, sorkuntzea erraztuz eta autortzea eskainiz. Horrezaz gan, euskal arte garaikidea zabaltzea da asmoa, arte plastiko eta ikusizkoak gizartera hurreratuta. Guztira, 54.000 euro banatu dira hiru modalidadeetan, hau da, irabazle bakotxak 18.000 euro jaso ditu.
Euskal artistek egiten daben lana ikusgai bihurtzearen garrantzia aitatu dau sailburuak Tabakalerako ekitaldian: Batzuetan ez da izaten bape erraza egiten dan lan guztia agirikoa bihurtzea, horregaitik, gure sortzaileen lana aintzat hartu nahi dogu, horren atzean dagoan talentua eta ahalegina erakusten lagundu.
Aurten, emakumeek edo emakumeek bultzatutako proiektuak izan dira saritu guztiak. Kasualidadez jazo da holan, baina, edozelan be, andreen ahaleginari autortzea egiteko balio izan dau sari-banaketeak. Epaimaiahan honeek egon dira: Ane Rodriguez, Enrique Martínez Goikoetxea, Mabi Revuelta eta Manu Muniategiandikoetxea, Arantza Lauzirika epaimahaiburu dala.
Ibilbidearen saria Maria Luisa Fernandezek jaso dau: epaimahaiaren ustez, indar liluragarria dauka Fernandezek, eta Euskal Eskultura Barriari ekarpena egin deutso. 1980tik aurrera euskal arteak izandako bilakaerea ulertzeko, ezinbestekoa da Fernandezen obrea aztertzea.
Bestetik, sorkuntza lana autortzeko modalidadean, Sra. Polaroiska saritu dau epaimahaiak; Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe dagoz proiektu artistiko horren atzean eta performancea, koreografia eta arte esperimentalak buztartzen ditue. Sormen garaikidearen arloan egindako ekarpena azpimarratu dabe epaimahaikideek, Sra. Polaroiskaren alde egiteko.
Hirugarrenik, ikusizko arteen atalean, Azala espazioa da aurtengo sariduna. Idoia Zabaletak gidatzen dau zentro hori, Arabako Lasierra herrian. Artistek formakuntzarako eta alkarregaz topetako gunea daukie han. Hamar urte bete ditu Azalak eta urteotan egindako lanagaitik emon deutsie Gure Artea saria. Leku edegia da, bertan sormenaren edozein fase bizkortzeko prest dagoz, alkarlanean, adierazo dau epaimahaiak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!