Lekeitioko Kalekan aurten, 25 kolektibo eta konpainia izango dira

Bizkaie! 2017-06-15 09:09   Kulturea

Garagarrilaren 5etik 9ra, bost egunetan zehar Lekeitioko kaleetan sormenezko lanak, performance ikuskizunak zein tailerrak izango dira protagonista.

Bart aurkeztu dabe Lekeition 28. Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia. Mr. Pichichiren antzezlanagaz hasi da aurkezpen saioa eta ondoren hasi da prentsaurreakoa. Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura sustapen zuzendaria, Bizkaiko Foru Aldundiko Andoni Iturbe kultura zuzendaria, Koldo Goitia Lekeitiko alkatea eta Maider Illana Kalekako antolatzailea izan dira bertan.

Garagarrilaren 5etik 9ra, bost egunetan zehar Lekeitioko kaleetan sormenezko lanak, performance ikuskizunak zein tailerrak izango dira protagonista. Ganera, aurreko edizinoan hasitako hausnarketa eondoren, aurten Kalekak atal barri bi izango ditu ofizialaz gan, testuinguru politikoari, sozialari eta kulturalari sendotasun eraginkorra emoteko asmoz: Kalekaz Blai eta Kaleka Scratch. Interfaze eraginkor horreekaz, ekimen bereziak sortuko dira, Lea-Artibai eskualdeko ekitaldi kultural garrantzitsuenetako honen oinarrizko helburuak lortzeko asmoz.

2016ko edizinoaren ostean, deialdi bi zabaldu zituen antolatzaileek, bata sail ofizalerako eta bestea Scratch atalerako. Danetara, munduko hainbat lekutako 222 proposamen jaso zituen eta horreetako batzuk ikusi ahal izango dira Lekeition.

Kalekaz Blai beste sekzino bietan erakutsitako lanetatik sortutako proiektuen txokoa izango da. Hainbat jarduera atonduko ditue: Entsegu edegiak, erakusketak, alkarrizketak, tailerrak eta abar, izan be, sormenerako eten bako espazioa bultzatzearen aldeko apustua egin dau Kalekak, lekuan lekuko herritarrei lotuta.

Kaleka Scratch sail barria, ostera, garapen prozesuan dagozan lanak erakusteko espazioa izango da; kulturearen alorreko eragile, ikusle, artista eta abarren arteko loturea indartu nahi dau Kalekak atal honen bidez. Aurten bost lan aukeratu ditue atal honetarako.

Kontuak kontu, Kaleka atal ofizialak profesionalek eginiko formatu desbardinetako lanak batzen ditu eta baita, adituek eta herritarrek parte hartzeko tailerrak bere.

Esandakoak esanda, egitarau nagusia garagarrilean hasiko dan arren, jarduera batzuk lehenago egingo dira, berbarako, Mr. Pichichi kaleko ikuskizunean oinarritutako tailerra egin dabe Lekeitioko gaztetxuek asteon, Phil Otajole personaiaren eskutik. Hilaren amaieran, ostera, sorkuntza kolektiborako tailerra eratuko dabe, komunikazinorako piezak eta euskarriak lantzeko.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu