Solte taldeak agur esango dau garagarrilaren 15ean, bere azken kontzertuagaz

Bizkaie! 2017-06-15 09:10   Musikea

Santutxuko jaietan eskainiko dabe Hileta Jaia deituriko zuzenekoa.

Txipik, Aritzak, Tolok, Aingeruk eta Txitxok taldea desegitea erabagi dabe, holantxe adierazo dabe komunikabideei bialdutako mezuan: Danak izaten dau hasiera eta amaiera bat, eta Solterena heldu da.

Euren ibilbide luzean zehar topautako lagunei eta proiektua babestu dabenei eskerrak emon nahi izan deutsiez, asko izan zarie une berezietan geugaz izandakoak. Kontzertuetan, estudioan grabetan, bideoklipetan, batzarretan… eskertzekoa da zeinen handiak zarien, zuek be Soltetarrak zarie!

Hamaika urte honeetan hainbat gaztetxetan, herritan, auzotan, tabernatan… egoteko aukerea izan dabela dinoe eta jente barri eta talde askogaz esperientzia hau bizitea plazer hutsa izan dala nabarmendu dabe.

Taldeak Hileta Jaia izeneko zuzeneko bategaz agur esango dau Santutxuko txosnagunean, garagarrilaren 15ean.

2006an ekin eutsan Santutxuko taldeak bere ibilbideari. Kontzertuak baino ez zituen eskaintzen sasoi haretan, estudiora sartzeko intentzino barik. Bost urte geroago, publikoaren eskariari erantzunez, euren lehenengo diskoa grabau eben, Distantzia nahikoa!, MusikHerria diskoetxeagaz.

2012ko udan, barriro estudioan sartzea erabagi eban taldeak lan berezia grabetako asmoagaz. EroAlea izan zan emoitzea eta Taupaka etxeagaz kaleratu eben.

Igaz, taldearen hamar urteurrenagaz batera, santutxuarren hirugarren diskoa eta azkena heldu zan, Ixa. Hau be Taupakagaz. Bilboko The Rock Studios-en grabau, nahastau eta masterizaturiko lana izan zan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu