2017ko Kimuak katalogoko zazpi film laburrak aukeratu ditue

Bizkaie! 2017-06-14 10:10   Zinemea

Animazinozko lanak, dokumentalak eta fikzinoa dagoz eta pelikula bi euskeraz dira.

Aurtengo edizinoko katalogoan film bi euskeraz, hiru gaztelaniaz eta bat portugesez dagoz, zazpìgarrenak ez dauka alkarrizketarik. Zinemagile hasibarrien eta ezagunen lanak buztartu ditue, ahalik eta eskaintza zabalena eta desbardinena osotuteko asmoagaz. 51 lanen artean egin dabe aukeraketea.

Kimuak Euskal Herriko film laburren produkzino interesgarrienak nazinoartean zabaltzeko helburuagaz sortu zan. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Etxepare Euskal Institutuaren eta Euskadiko Filmategiaren bidez kudeatzen dau. Urtero zazpi produkzino aukeratzen ditue eta horreen banaketea euren gan hartzen dabe, jaialdi eta sariketetara bialtzeko.

20. edizinoko epaimahaia honeek osotu dabe: Edurne Ormazabal EiTBko Arlo Komertzialeko zuzendariak, Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak, Tim Redford Clermont-Ferrand Nazinoarteko Film Laburren jaialdiko koordinatzaileak, Amaia Revuelta Donostia Kulturako zinema unidadeko teknikariak, eta Millan Vazquez-Ortiz Freak Agentziako zuzendari orokorrak.

 

Honako honeek dira 2017ko Kimuak Katalogoa filmak:

Ab alio: Iñigo Royo eta Iñigo Fernandez Ostolaza zuzendariek alkarregaz sortutako fikzinozko lana da, Ignasi Aballiren Listados collagean oinarritzen da eta maitasunaren, heriotzaren eta eulien ganean ardazten dau istorioa. Royo donostiarraren Requiem eta Inventario lanek 1999ko eta 2000ko Kimuak katalogoetan parte hartu eben. Ostolaza ECAMen lizentziadua da dokumentalgintzan, eta biek batera hainbat produkzino eta Quid pro quo film laburra zuzendu ditue.

Aprieta pero raramente ahoga: David Perez Sañudo zuzendari bilbotarrak, Gasteizko Amania Films produkzino etxeagaz batera, osotu dau terrorea eta komedia baltza buztartzen dituan lana. Daniel Sigfried izeneko txakur basatiaren jagole izateko lan-alkarrizketa egiten joango da. Argibideak zehatz-mehatz jarraitu beharko ditu protagonisteak. Sañudok zuzendaritza masterra egin eban eta gaur egun doktoretzeagaz dabil Madrilgo Complutensean eta Euskal Herriko Unibersidadean. Bere lehen lanak 2011ko Indirizzo saria irabazi eban.

Areka: Begoña Vicariok koordinautako animazinogintzako ikasle, ikasle ohi eta irakasleek osotutako taldeak sortu dau lana. Gerra Zibilean desagerrarazotakoak gogoratzeko, Andoni Egañak egindako bertsoan oinarritzen da. 80 urteko Euxebik ez dau inoz jakin aitaren hilobia non egoan, baina bizirik mantenidu dau haren memoria, azkenik gorpuzkiak topau dituan arte.

Euritan: Irati Gorostidik eta Arantza Santestebanek zuzendu dabe dokumental hau. 1985ean Itxaro Bordak idatzitako Klara eta biok narrazinora hurreratzea proponiduten dau. Egileari bere iraganeko berben aurrean jarteko eta euskal nortasunaren ganean harreman periferikoaren begiradea eguneratzeko eskatuko deutsie. Irati Gorostidi Arte Ederretan lizentziaduna da eta Zinema Garaikidearen Ikerketan Masterra egin dau. Arantza Santesteban iruindarra, barriz, Historian lizentziaduna da eta Zinema Dokumentalean diplomatu zan Bartzelonako CCFBn. Gaur egun, Comunicación, cultura, sociedad y política graduondokoan lantzen dau zinemearen ganeko ikerketa lana.

For The Good Times: Andres Daniel Sainz donostiarrak Ramon Agirre, Klara Badiola, Iñaki Rekarte, Itziar Ituño eta beste hainbat euskal aktore ezagun batu ditu bere bigarren film laburrean. Familiako buruaren urtebetetzea ospatzeko, kide guztiak bazkaltzera konbidauko ditue. Otorduan sorpresak izango dira nagusi.

Sainzek 2016an zuzendu eban Haïku, bere lehen film laburra, Vidania Films produktoreagaz. For the Good Times estreinatzear dala, hirugarren filma atontzen dabil.

La fiebre del oro: Raúl de la Fuentek Kanaki Films produkzino etxeagaz sortu dau dokumental hau. Iruñeako zuzendariaren Minerita film laburrak Kimuaken 2013ko katalogoan parte hartu eban. 2014ko Goya Saria irabazi eta Oscarretan finalista be izan zan urte berean. Orain, Mozambikeko meatzariekana hurreratuko da, urrea eta gailu elektronikoetarako erabilten diran mineralak zelan erauzten dituen aztertzeko.

Plágan: Koldo Almandozek sortutako dokumentala da honakoa eta gaur egun oso zabalduta dagoan izurri baten ganeko hausnarketea egiten dau. Donostiarrak Kimuaken lehen edizinoan hartu eban parte Razielen itzulera lanagaz eta ordutik hainbat film labur gidatu ditu. 2016an, Sîpo Phantasma dokumentala aurkeztu eban eta gaur egun bere bigarren film luzea amaitzen dabil.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu