Belaunaldi baten erretratua egin dau Jon Maiak 'Berriak jaio ginen' liburuan
2017-06-08 13:30 BertsolaritzeaBizipenetan eta gogoetetan oinarritutako lana da eta Unai Iturriagaren ilustrazinoak dakarz.
Donostian aurkeztu dau Jon Maia bertsolariak Berriak jaio ginen (Lanku), liburua egiten parte hartu daben kideek lagunduta. Unai Iturriagak marraztu ditu ilustrazinoak eta Andoni Egaña izan da editorea. Marta Agirrezabala Lankuko ordezkaria be ekitaldian izan da.
1980 eta 1990eko hamarkadetan erabarritze sakona egon zan bertsolaritzan. Bertsolari barri asko agertu ziran, jatorri eta ezaugarri ugaritakoak, eta goitik behera aldatu zan panoramea. Orduan hasi zan gaur egungo bertsolaritzea ekarri dauen eboluzinoa. Sasoi ha gaztetan bizi izan eban Jon Maiak eta, bere ikuspuntutik, azterketa sakona egin dau. Lehenengo bertsolari in-vitro hareen artekoa dala dino.
Jardun artistikoa, identidadea, tradizinoaren eta modernidadearen arteko kontrastea, hizkuntzea, politikea, giza-harremanak... gai ugari landu ditu. Bertsolaritzearen historiaren apalategian honelako liburu bat egotea nahi izan dot, azaldu dau Jon Maiak aurkezpenean. Umorea be badauka lan honek. Norbere buruari barre egiteak argitalpenari mesede egin deutsala uste dau Jon Maiak. Dana dala, liburuan aitatu dituan persona guztiak kariñoz tratau dituala dino.
Liburu autobiografikoa da Berriak jaio ginen, bizipenetan eta gogoetan oinarritua. Dana dala, autobiografia normal baten ohikoak ez diran elementuak tartekatu ditu Maiak. Unai Iturriagaren ilustrazinoek eta pasarte poetikoek ikutu berezia emoten deutsie. Ganera, Jon Maia ez da protagonista bakarra, belaunaldi eta sasoi oso baten erretratua da eta.
Unai Iturriaga bertsolari eta ilustratzailearen esanetan, Jon Maiagandik asko dauka liburu honek, baina guri buruz be egiten dau berba. Marrazkien bidez umorea sartzen ahalegindu dala azaldu dau durangarrak. Belaunaldi bereko beste bertsolari batek, Igor Elortzak, idatzi dau liburuaren hitzaurrea.
Lankuk hainbat saio antolatu ditu, Berriak jaio ginen zale guztiei aurkezteko. Bagilaren 13an, barriketaldia egongo da Donostiako Elkar aretoan eta, biharamunean, Gasteizko Oihaneder etxean. Bagilaren 19an, Iruñean egingo da aurkezpena eta 20an, ostera, Bilbon. Hilaren 22an, Baionaren txandea izango da eta 26an bere jaioterrian izango da Maia, Zumaian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!