'Corre', Leire Sanchez eta Gabriel Camino artisten lan koloretsuak Bilbon

Dabi Piedra 2017-06-08 12:15   Kulturea

Corre erakusketea garagarrilaren 7ra arte ikusi ahal izango da, EHUren eta Bizkaiko Batzar Nagusien arteko alkarlanari esker.

Gabriel Camino eta Leire Sanchez | Ikusi handiago | Argazki originala

Ikuspegi desbardinak baina bateragarriak ditue Leire Sanchez getxoztarrak eta Gabriel Camino kantabriarrak. Alkar ondo ezagutzen dabe eta, horregaitik, bien lanagaz erakusketa bakarra antolatu dabe. EHUko Arte Eder fakultadeko irakasle Joseba Eskubi da komisarioa. Unibersidade publikoaren eta Bizkaiko Batzar Nagusien arteko alkarlanari esker, artista hasibarriei euren obrak erakusteko aukerea emoten jake, Hurtado Amezaga kaleko egoitzako erakusketa aretoan.

Igaz eta aurten sortutako 36 koadro dagoz Corre erakusketan, erdiak Sanchezenak eta beste erdiak Caminorenak. Pinturak dira, tamainu txiki zein handikoak eta, gehienbat, irudi figuratiboak agiri dira, abstrakzinorako tartea be badagoan arren. Naturako irudi asko erabili ditue artistek.

Gu bion artean komunikazino ona dago, azaldu dabe artistek aurkezpenean. Bakotxak bere estiloa daukan arren, batasun itxurea emon deutsie erakusketeari. Bion koadroak nahastauta ipini doguz hormetan, konbinazino ona da. Joseba Eskubi komisarioaren arabera, bizitasun handiko lanak dira, alkar ondo osotuten dabe. Sortzerako orduan, artistak libre itxi dituala azaldu dau Eskubik, berak garapen artistikoa gainbegiratu besterik ez dau egin.

Leire Sanchezen kasuan, objektuen eraldaketea aztertu dau. Objektuak marrazten dodaz, baina zelakoak diran ez da inportantea niretzat, zelan eraldatzen diran erakutsi nahi dot, azaldu dau artisteak, horregaitik, abstrakzinoa eta figurazinoa buztartzen dodaz. Koloretsuak eta argitsuak dira Sanchezen koadroak: Alaitasuna eta energia tranasmitidu nahi izaten dot nire lanagaz.

Gabriel Caminoren koadroetan be, kolorearen indarra nabarmentzen da. Paisaje naturalak marrazten ditu gehienbat. Gizakiaren eragina baztertu eta leku urrunak erakutsi nahi dodaz, naturea huts-hutsean, bestelako kezkak baztertuta, azaldu dau kantabriarrak. Horregaitik, gizakiak ikutu bako lurraldeak marrazten ditu baina, dana dala, gizartearen inguruko gogoetea be badago lan horren atzean.

Leire Sanchezek igaz amaitu zituan Arte Ederretako ikasketak eta Gabriel Camino aurten amaitzekoa da. Euren ibilbide artistikoaren hasikeran honelako aukera bat izatea eskertu dabe. Joseba Eskubik azaldu dauenez, hau ez da fakultadea, beste testuinguru bat da. Garagarrilaren 7ra arte egongo da Corre Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan. Sartzea doban da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu