'Fashion and Films. Dressing ideas in films' Bilboko Guggenheim Museoan

Bizkaie! 2017-06-08 11:14   Kulturea

Gaurtik zapatura arte izango dira nazinoarteko modearen ganeko jardunaldiak.

Fashion and Films. Dressing ideas in films ikus-entzunezko programearen bigarren edizinoa izango da aurten. Emonaldia Estudio Yox-ek eta Guggenheim-ek berak alkarlanean produzidu dabe.

Gaurko eta biharko saioetan, nazinoarteko sortzaileen eta firmen pieza-bildumea aurkeztuko dabe. Produkzino honeek modea, joerak, zinemea eta publizidadearen ganeko gaiak jorratzen ditue eta jenteak hausnartu daian bultzatzeko asmoagaz sortu dira.

Programea nazinoarteko Fashion and Films erakusketearen parte da. Modearen ganeko ikus-entzunezko produkzinoak egiten ditu ekimen horrek eta gizarterako interesgarriak diran gaiak landu: garapena, ekologia eta jasangarritasuna, generoa, kulturea, arrazea, sexualidadea eta etnia, identidadea eta bardintasuna eta estereotipoetatik kanpo dagoan edertasuna, besteak beste.

Bestalde, bagilaren 10ean, zapatuan, goizeko 11:00etatik 13:00etara, Kaleko dantzariak dokumentala proiektauko dabe Guggenheimeko Entzungelan, ACT Festibalaren barruan (Nazinoarteko Lan Laburren Antzerkialdia). Sra. Polaroiska taldeko kideek, Alaitz Arenzanak eta Maria Ibarretxek, jantza performance bat asmau eta Bulgarian aurkeztu eben, ijito komunidadearen partaidetzeagaz. Bertan, generoa, hezkuntzea, aniztasuna, gizarte-inklusinoa eta bazterketeagaz lotutako gaiak landu zituen. Xuban Intxaustik performance horren ganeko dokumentala sortu eban.

Proiekzinoaren aurretik, Alaitz Arenzanak eta Maria Ibarretxek, dokumentalaren zuzendariagaz batera, proiektu esperimentalaren zehaztasunak emongo ditue Entzungelan bertan.

YOX estudioa eta ACT Festibala TOParte programako partaide dira; proiektu horren bitartez, museoak bere ateak zabaltzen deutsez Euskal Herriko erakunde artistiko eta kulturalen jarduerei. Programearen helburua Guggenheimek bere inguruagaz hartu-emonak estutzea da, museoaren 20. urteurrenaren atxakian.

Fashion and Films. Dressing ideas in films jardunaldien egitaraua eta sarrerak webgunean dagoz eskuragarri.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu