Atal barri bi izango ditu Kaleka-k aurten

Bizkaie! 2017-06-08 11:57   Kulturea

Lekeitioko Nazinoarteko Kale Antzerki Jaialdia garagarrilaren 5etik 9ra bitartean egingo da.

'Mr. Pichichi' ikuskizunagaz lotutako tailerra egin dabe herriko gazteek asteon (argazkia: Kaleka) | Ikusi handiago | Argazki originala

Igaz hasitako gogoeta prozesuaren ondorioz, nobedade batzuk dakarz Kaleka jaialdiaren 28. edizino honek. Sail ofizialaz gan, aurten beste atal bi be egongo dira: Kalekaz Blai eta Kaleka Scratch. Lekeitioko Udalaren arabera, testuinguru politiko, sozial eta kulturalari sendotasuna emon nahi deutsie aldaketokaz. Kaleko jaialdi huts izatetik kultura garaikideko jazoera izateko bidean da Kaleka, antolatzaileen esanetan.

Lekeitioko kaleak sormenezko lanez, performance erako ikuskizunez, tailerrez eta abarrez beteko dira garagarrilaren 5etik 9ra, antolatzaileek aurreratu dabenez. Sail ofizialean, kaleko arteen arloko profesionalek sortutako lanak erakutsiko ditue, hainbat formatutakoak. Horrezaz gan, tailerrak be izango dira, batzuk profesionalei zuzenduak eta beste batzuk herritarrentzat.

Kaleka Scratch sail barria, ostera, garapen prozesuan dagozan lanak erakusteko espazioa da. Kulturearen alorreko eragile, ikusle, artista eta abarren arteko loturea indartu nahi dau Kalekak atal honen bidez. Aurten bost lan aukeratu ditue sekzino honetarako.

2016ko edizinoaren ostean, deialdi bi zabaldu zituen antolatzaileek, bata sail ofizalerako eta bestea Scratch atalerako. Guztira, munduko hainbat lekutako 222 proposamen jaso zituen eta horreetako batzuk ikusi ahal izango dira Lekeition.

Kalekaz Blai, barriz, beste sekzino bietan erakutsitako lanetatik sortutako proiektuen txokoa izango da. Hainbat formatutako jarduerak atonduko ditue: Entsegu edegiak, erakusketak, alkarrizketak, tailerrak eta abar, izan be, sormenerako eten bako espazioa bultzatzearen aldeko apustua egin dau Kalekak, lekuan lekuko herritarrei lotuta.

Egitarau nagusia garagarrilean hasiko dan arren, jarduera batzuk lehenago egingo dira. Mr. Pichichi kaleko ikuskizunean oinarritutako tailerra egin dabe Lekeitioko gaztetxuek asteon, Phil Otajole personaiaren eskutik. Hile amaieran, ostera, sorkuntza kolektiborako tailerra eratuko dabe, komunikazinorako piezak eta euskarriak lantzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu