Euskal unibersidadeetan gradu eta master dual gehiago eskaintzea adostu dabe

Bizkaie! 2017-06-07 09:54   Kulturea

Euskal Unibersidadearen Kontseiluak batzarra egin dau, Iñigo Urkullu Lehendakaria buru dala eta aurrera begirako asmoak zehaztu ditue.

Argazkia: Irekia | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru unibersidadeetako buruak batu dira Gasteizen: EHUko Nekane Balluerka, Deustuko Jose Maria guibert eta Mondragoneko Vicente Atxa. Eurakaz batera, Iñigo Urkullu Lehendakaria, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Confebaskeko presidente Roberto Larrañaga egon dira.

Unibertsitatea-Enpresa 2022 proiektuak erkidegoko unibersidadeetan gradu eta masterren kopurua handitzeko beharra azpimarratzen dau. Hain zuzen be, plangintza hori aztertu dabe Euskal Unibersidadearen Kontseiluaren batzarrean. Errektoreek eta erakunde publikoetako ordezkariek adostu dabe 2019-2020 ikasturterako 20 master eta gradu dual eskaintzea; gaur egun bi baino ez dagoz ikasleen aukeran. Euskadiren garapen soziala eta ekonomikoa da helburua.

Horrenbestez, 2019-2020 ikasturtean 600 plaza eskainiko dira gradu eta master dualetan. Ikastea eta lan egitea buztartzen dituen ikasketa-planak dira dualak eta, beraz, mundu akademikoaren eta enpresarialaren arteko hartu-emonak estutuko dira. Ikasleen gaitasunak enpresen eremuko beharrizanei egokitzea da asmoa. Hain zuzen be, horregaitik egon da batzarrean Confebaskeko presidentea.

2017 eta 2022 urteen arteko plangintzea, euskal unibersidadeen sistemea sendotzeko apustuaren ardatzetako bat dala azpimarratu dau Eusko Jaurlaritzeak. Enpresak eta mundu akademikoa hurreratzeko ahaleginaren barruan, ikasketa dualak bultzatzeaz gan, beste hainbat jarduera ipiniko dira martxan, esate baterako, Injinerutzea, Zientzia eta Teknologia Trebakuntzarako Klusterra sortuko da. 4.0 industriari inguruko lehenengo eskolea abian ipiniko dabe, ganera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu