Arteshop martxan da Bilbon bagilaren 18ra arte

Bizkaie! 2017-06-06 09:23   Kulturea

Merkataritza-jarduerea eta sormen artistikoa buztartu nahi ditu Udalak egitasmoagaz.

Plaza Biribileko turismo bulegoan egindako aurkezpena (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko 75 denda Arte Ederretako ikasleen artelanen erakuslehio bihurtuko dira egun honeetan, uriko merkataritza-jarduerea sustatzeko asmoagaz. Arteshopen parte hartuko daben gazte guztiek tutore profesional bana izango dabe, sormen prozesu osoa gainbegiratzeko eta saltokien eskaerak ikasleen arte-proposamenakaz bateratzeko. Egitasmoa Erriberako Merkadura eta Plaza Biribileko Turismo Bulegora be zabalduko da, izan be, hamar artista ezagunen obrak jarriko ditue ikusgai gune bi honeetan.

Arteshop Bilbaok uriko saltokien babesa jaso dau eta Bilbao Ekintza arduratu da parte hartuko daben 75 establezimenduak aukeratzeaz.

Bestalde, Arte Ederretako ikasleen artean be ekimenaren ganeko interesa zabaldu da eta guztira 100 personak emon dabe izena. Horrezaz gan, uriko artistak lehiaketan buru-belarri sartu dira eta Bilbao Arte Fundazinoan 29 eskabide erregistrau ditue, horreetako hamar tutore izateko asmoagaz. Bilbao Ekintzak, barriz, 400 euroko diru-laguntzinoa eskaintzen deutsie ikasleei eta 600 eurokoa tutoreei, proiektu artistikoak produziduteko eta garatzeko.

Herritarrek be egitasmoan parte hartzea nahi dabe antolatzaileek eta horretarako, eskuragarri izango ditue 75 saltoki eta obra parte-hartzaileen identifikazino-mapak. Erriberako merkaduan, Plaza Biribileko turismo bulegoan edo dendetan bertan eskuragarri izango ditue mapok saltokietara joateko konbitagaz, bertako produktuak eta artelanak ezagutzeko.  Arteshop-en parte hartzen daben establezimenduetako bost zigilu lortzen dituenak 50 euroko hogei opari-txartelen zozketan parte hartzeko aukerea izango dabe.  

Ekimenagaz ganera, herritarrek modu aktiboan hartuko dabe parte; izan be, jenteak gustukoen dauen proposamen artistikoaren aldeko botoa emon ahal izango dau Bilboko Udalak atondutako lehiaketan; honetan obrarik onenak sarituko dira.

Publikoaren Sariak merkatariek eta artista barriek alkarlanean egindako lanaren autorpena dira, baita herritarrak ekimenean parte hartzeko bide bat be. Botoa emoteko, saltoki parte-hartzailean ikusgai egongo dan dobako telefono-zenbaki batera deitu beharko da.

Arteshop 2017ko sariak banatzeko ekitaldia bagilaren 15ean egingo da, Erriberako Merkaduan.

Ekimena merkataritzea dinamizetako eta sustatzeko jarduera barritzaile eta sortzaile moduan finkatu da zazpi urte honeetan. 2011n egin eben lehenengo saioa eta bertan 20 establezimenduk hartu eben parte, esperientzia pilotu legez. Urteek aurrera egin ahala kopuru hori handituz joan da, eta gaur egun 75 dendak hartzen dabe parte. Artista barrien eta Bilboko merkataritzako profesionalen inplikazinoari esker, Arteshop uriko merkataritza-egutegiaren ekitaldi garrantzitsuenetako bat da dagoeneko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu