Aniztasuna, hurrengo urteetarako erronka nagusia
2017-06-05 08:11Euripean, Gasteizen ospatu zan Euskal Eskola Publikoaren Jaia; ekitaldi batzuk bertan behera geratu ziran arren, jente ugari hurreratu zan.
Hamazortzi urteren ostean, Arabako uriburura heldu zan atzo Euskal Eskola Publikoaren jaia. Eguraldiak ez eban asko lagundu baina ez zan oztopoa izan. Euritakoa eskuan, milaka lagun hurreratu ziran Zabalgana auzora jaiaz disfrutetan, ekitaldietako batzuk, euriaren ondorioz, bertan behera txi behar izan bazituen be. Aniztasuna, alkartasuna eta euskerea buztartzea izan da ospakizunaren helburua.
Edegiera ekitaldia goizeko 11:00etan egin eben eta bertan, hezkuntza sistemearen hurrengo urteetarako erronka nagusiak aitatu zituen. EHIGEko presidente Usoa Urbietak aniztasunari egin eutson erreferentzia: ez bajako modu egokian heltzen, ahuldu egiten dira kalitadadea eta ekidadea, eta desorekea izaten da behar espezifikoak dituen ikasleen eskolaratzean. Egoerea konpontzeko aldarria egin eban Urbietak.
Ikasle etorkinei hezkuntza-arretea emoteko II. Plana-ren alderdi batzuk ondo baloretan ditu EHIGEk, baina bere osotasunean eskasa dala autortu eban Urbietak. Plan honen neurri garrantzitsuena plazen %10 epez kanpoko matrikulentzat erreserbetea baldin bada, ez da konponduko desorekea. Eta bere intentzinoa bada eskola publikoaren gan ixtea aniztasuna eskolaratzeko ardurea, zalantzan jarri behar da kontzertazinoaren funtzinoa gure hezkuntza-sisteman. Honetaz gan, publiko eta pribaduaren arteko desbardintasuna gaindituta dagoala zehaztea alferrikakoa dala azpimarratu eban presidenteak. Izan be, bere ustez, errealidadeak desbardinak dira eta ezin dira ezelan be bardindu eta Hezkuntza Lege barriak zalantza guztiak argitu beharko dituala argi itxi eban.
Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek, bere aldetik, nabarmendu eban asmoa legea alderdi guztien artean adostea dala, eta, aldi berean, ikasle etorkinei arretea emoteko planaren garrantzia azpimarratu, Euskal hezkuntza sistemearen barruan aniztasuna balio bat dala ganeratu aurretik. Uriartek, bestalde, euskal ebaluazino sistemea zehazteko konpromisoa be erakutsi eban atzoko saioan.
Inaugurazinoaren ekitaldiaren amaieran, Zabalganako eskolako umeek lekukoa pasau eutsien Lekeitioko eskolakoei. Datorren urten, beraz, jaialdia Bizkaian izango da.
Euriaren ondorioz, ekitaldi batzuk bertan behera geratu ziran eta beste batzuk lekuz aldatu behar izan zituen. Halandabe, jai giroa izan zan nagusi atzo, Euskal Eskola Publikoaren Jaialdian eta antolatzaileak gustura azaldu dira aurtengo emoitzeagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!