Kirmen Uriberi eta Luis Larderori emon deutsie Bilboko Liburu Azokako Atea saria

Dabi Piedra 2017-06-01 13:14   Kulturea

Gaur zabaldu dabe feria Arenalean eta hilaren 11ra arte literaturearen munduko azken nobedadeak egongo dira bertan.

Kirmen Uribe eta Luis Lardero, Atea saria eskuetan daukiela | Ikusi handiago | Argazki originala

Goi mailako idazle bi saritu ditu Bilboko Liburu Azokeak, 47. edizinoa hasteagaz bat. Euskal literaturearen partetik, Kirmen Uriberi emon deutsie Atea saria eta, kanpoko idazleen artean, Luis Landero espainiarra omendu dabe. Azokara ekarten doguzan idazle handiak saritzea da gure asmoa, baita bertoko idazleak kanpora eroan be, azaldu dau Asier Muniategi antolatzaileak.

Kirmen Uribek esker onez hartu dau Atea saria, Arenalean bertan egindako ekitalditxuan. Landeroren alboan egoteak poztu dauela azpimarratu dau Ondarroako idazleak: Luis Larderok hasikeratik babestu nau, eredua izan da niretzat eta plazerra da beragaz batera sari hau hartzea. Idaztearen inguruko gogoetea egin dau Uribek ondoren. Idazteari esker ikasi egiten dot, azaldu dau, dana dakiela uste dauen idazleak ez dauka zereginik.

Bestetik, irakurzaletasunak pensamendu konplexua garatzen laguntzen dauela azpimarratu dau Uribek. Bere ustez, idea errazak eta arinak modan dagoz gaur egun, baina errealidadea beti da korapilotsuagoa. Idaztea eta irakurtea horren kontrako antidototzat aurkeztu dau, literaturea ez da txarto idatzitako tweet bat.

Luis Landerok, ostera, idaztearen eta bizi izatearen arteko parekotasunaz egin dau berba, Atea saria jaso eta gero. Idaztea bizi izatea da, jazo jakun zeozer kontau arte, badirudi ez dogula guztiz bizi izan.

Asier Muniategik eta Bilboko zinegotzi Nekane Alonsok dei egin deutsie herritar guztiei Bilboko Liburu Azokara hurreratu daitezan. Irakurteak persona hobeak egiten gaitu, dino Alonsok. Idazleek, editoreek, argitaletxeek, liburudendek eta liburutegiek gizarteari egiten deutsien ekarpena nabarmendu dau.

Bagilaren 11ra arte, egunero zabalduko dabe azokea, Bilboko Arenalean. Argitaletxeek eroandako azken nobedadeak ikusi eta erosi ahal izango dira erakusmahaietan eta, ganera, berbaldiak, topaketak, tailerrak eta abar antolatu ditue. Horrezaz gan, Erein argitaletxearen 40 urteen inguruko erakusketea dago ikusgai, Arenalean bertan.

 

Aurreskua eta txistulariak, sarituen eta antolatzaileen omenez

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu