Euskal Herriko irudi turistikoa sendotzeko asmoa dakarre jazzaldiek

Bizkaie! 2017-06-01 11:23   Musikea

Bagilaren 28an hasiko da Getxoko jaialdia, Gasteizkoa garagarrilaren 11n eta Donostiakoa 20an.

Miguel Martin, Iñaki Saitua, Alfredo Retortillo eta Iñaki Añua (argazkia: Alfredo Retortillo) | Ikusi handiago | Argazki originala

Urteko jazz hitzordurik garrantzitsuenak hasteko hilebete baino ez da falta eta atzo egin eben aurkezpena Iñaki Saituak, Iñaki Añuak eta Miguel Martinek, Getxoko, Gasteizko eta Donostiako Jazzaldiko zuzendariek, hurranez hurran, Turismo, Merkataritza eta Konsumo sailburu Alfredo Retortillogaz batera.

Sailburuak azaldu dauenez, musika-jaialdiak erreferentzia turistiko egonkorra dira gaur egun eta Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako jazz-aukera zabalaz gan, turismoa sustatzeko ekitaldi bereziak egingo ditue; horreetako bat, Euskadi Basque Country photocall dalakoa izango da. Honegaz, jaialdietako izarrek Euskal Herriko turismoa babestea nahi dabe.

Retortilloren arabera, asmoa da jaialdiak sendotzea Euskadiko irudi turistikoaren barruan, eta honegaz batera, produktu artistiko bat sortzea eta sustatzea turisten artean.

Getxoko Jazzaldiak emongo deutso hasierea denporaldiari. Bizkaikoak 41. edizinoa dau aurtengoa eta bagilaren 28an hasi eta garagarrilaren 2an amaituko da. Bere betiko ezaugarriei eutsi nahi izan deutsiela azaldu dau Saituak: Kalidadea, aniztasuna eta gazteriari laguntzinoa emotea. Guztira, 17 saio iragarri ditue, horreen artean: Chucho Valdés piano-jotzaile kubatarrarena, Bill Evans saxo-jotzaile eta Dean Brown gitarristearen laukotearena edo Andrzej Olejniczak saxo-jotzailearena.

Gasteizko Jazzaldiaren kasuan be, 41. edizinoa da aurtengoa eta Mendizorrotzako publikoarentzat egitarau oparoa atondu dabe garagarrilaren 11tik 15era. Lehenengo egunean esaterako, urtero egiten dan gospel gaua antolatu dabe Chicagoko The Brown Sisters taldeagaz. Hurrengo egunean, gitarrearen doinuak gustuko dituenentzat Robben Ford oholtzara igongo da. Sei soketako beste artista handi bat erorriko da ondoren: Larry Carltonek lau Grammy sari irabazi ditu eta antolatzaileek esaten dabenez, gitarra-jotzaile onenetarikoa da.

Gasteizko jaialdiari amaierea emoteko Ruben Blades-ek be zuzenekoa eskainiko dau. Musikari eta politikari panamarrak Gasteizen hasiko dau bere agurraren birea. Ia bost hamarkadako ibilbide musikala alde batera lagako dau politikan sartzeko.

Donostiako 52. Jazzaldia izango da azkena, garagarrilaren 20tik 25era. Egitarauak 140 kontzertu batzen ditu aurten. Euskal jazzak urtero legez, presentzia nabarmena izango dau: Niña Coyote eta Chico Tornado, Sky Beats eta Mikel Azpiroz dira oholtzan egongo diran musikari eta taldeetako batzuk.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu