Bizkaiko bertsolaritzearen jaia egingo dabe zapatuan Markina-Xemeinen

Bizkaie! 2017-05-31 08:41   Bertsolaritzea

Goizean Eskolarteko Txapelketearen finalak jokatuko dira eta bazkalostean, taldekakoa.

Bizkaiko Bertsozale Alkarteak ikasturtea amaitzeko ospakizuna antolatu dau Markina-Xemeinen, bagilaren 3an, zapatuan. Eskolarteko eta Taldekako txapelketetako finalak ez eze, bazkaria, erromeria eta txosnea egongo dira. Modu horretara, Bizkaiko bertsozaleen egun osoko jaia izango da. Bizkaiko bertsolaritzearen ekosistema osoa eskualderik eskualde eta eten barik elikatzea da helburua, azaldu dau alkarteak, baita bertsogintzearen oinarria motibau, finkatu eta garatzea be.

Alkartearen oinarrietako bat da transmisinoa. Horregaitik, urtero antolatzen dau Eskolarteko Txapelketea, Ikastolen Alkarteagaz alkarlanean. Goizean izango dira sariketa horretako modalidade bietako finalak: 10:00etan idatzizkoa hasiko da eta 11:30etan, bat-batekoa. Idatzizkoan, Bizkai guztiko 150 bat gazte lehiatuko dira, frontoi txikian, eta ordubete inguru izango dabe proponidutako ariketak egiteko.

Bat-bateko finala be frontoi txikian izango da. Honeek egongo dira oholtzan: Aritz Landeta Terceño, Beñat Bilbao Landa, Bittor Altube Sarrionandia, Eztizen Artola Iturrate, Gorka Pagonabarraga Agorria, Iruri Altzerreka Martinez, Maider Barañano eta Naroa Torralba Rodriguez. Maiatzaren 11n hasi zan bat-bateko txapelketea eta, lau kanporaketaren ostean, onenak heldu dira Markinako finalera. 14 eta 18 urte bitarteko 40 bertsolarik parte hartu dabe modalidade honetan.

Finaleko lehenengo sailkatu biak Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketako finalera pasauko dira. Astebete geroago, bagilaren 10ean, jokatuko da final hori, Saran. 15 bertsolarik parte hartuko dabe hor, tartean Bizkaiko ordezkari biek.

Eguerdiko 13:30ean Eskolarteko Txapelketako sariak banatuko dira. 14:30ean, ostera, bazkaria egingo dabe. Arratsaldean izango da eguneko beste hitzordu handia, Taldekako Txapelketearen finala hain zuzen. Guztira, 30 taldek parte hartu dabe lehiaketa barri horretan, hau da, 200 lagunek baino gehiagok. Talde bakotxean bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak eta antolatzaileak egon dira.

Markinako finalean hiru talde jardungo dira nor baino nor: Iurretako Bertso Taldie, Koipelustre's eta Akerbeltzeko Antxumak. Saioaren ostean, erromeria egongo da Joxpa taldeagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu