Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren zortzi liburukiak digitalizauko ditu Labayruk
2017-05-30 08:20 KultureaFundazinoak hitzarmena sinatu dau Petronorregaz, euskal ondare kulturalaren harribitxi hori euskarri informatikora egokitu eta zabaltzeko.
Ekimen publikoaren eta pribaduaren arteko alkarlanaren emoitzea da hitzarmena, izan be, Labayru Fundazinoak eta Petronor enpreseak ez eze, Bizkaiko Foru Aldundiak be parte hartu dau akordioan. Bilboko Euskal Museoan egindako ekitaldian sinatu dabe hitzarmena, modu ofizialean.
Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia izan da ekitaldiko buru. Labayruren ordezkaria Adolfo Arejita zuzendaria izan da eta Petronorrena, Emiliano Lopez Atxurra presidentea. Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputadua eta Ander Manterola Atlas Etnografikoaren bultzatzailea be bertan izan dira.
Euskal bizimodu tradizinonalaren, sinismenen eta ohituren ganeko lekukotasun zehatzak batzeko sortu eben Euskal Herriko Atlas Etnografikoa 1970eko hamarkadan. Etnografiaren inguruko inkestetan eta Joxemiel Barandiaranen erespideetan oinarritutako azterlan zabala da. Gaur egun zortzi liburuki daukaz bildumeak, bakotxa alor bati eskainia. Hitzarmenari esker, hori guztia digitalizau egingo dau Labayruk, eta laster sarean ikusi ahal izango da.
Unai Rementeriaren ustez, digitalizazinoak demokratizau eta erraztu egingo dau gure ondarerako, historiarako sarbidea. Gaur egun be, papelean argitaratuta dago Atlas Etnografikoko informazino guztia, baina digitalizazinoagaz askoz eskuragarriago egongo da edozein herritarrentzat eta nazinoarteko adituentzat. Bildumearen neurria kontuan hartzeko modukoa da: Zortzi liburuki, 8.000 orrialde eta 2.000 ilustrazino daukaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!