Bertoko pop-rock taldeen erakustaldirako deialdia zabaldu dau Bilboko Udalak

Bizkaie! 2017-05-26 10:43   Musikea

Aste Nagusian egiten da urtero lehiaketea, hasten dagozan Bizkaiko taldeei bultzadea emoteko asmoz.

Zazkel taldeak orain dala urte bi jo eban Bilborocken | Ikusi handiago | Argazki originala

Bertoko pop-rock taldeen erakustaldiak 32. edizinoa beteko dau aurten. Lehiaketa horretan jo nahi daben taldeek bagilaren 25era arteko epea daukie izena emoteko. Parte-hartzaile bakotxeko taldekide bat, gitxienez, Bizkaian erroldatuta egon beharko da. Eurek sortutako lau kantu aurkeztu beharko ditue inskripizinoa egiteko orduan, eta Aste Nagusiko saiorako, 45-50 minutuko kontzertua atondu beharko dabe.

Bilboko Udalak azaldu dauenez, emakumez osotutako taldeei eta euskeraz abesten dabenei arreta berezia emongo deutsie finalistak aukeratzeko orduan. Estiloari jagokonez, lehiaketearen izenburuak dinoan legez, pop-rocka izango da ardatza. Era horretako musikearen eta metalaren barruan sartzen diran estilo guztiak onartuko ditue antolatzaileek, jazza izan ezik.

Izena emondako guztien artean onenak aukeratuko ditue antolatzaileek. Talde horreek Bilborock aretoan joko dabe Aste Nagusiko programazinoaren barruan, abuztuaren 19tik 27ra.

1985ean sortu zan Aste Nagusiko Pop-rock erakustaldia, bertoko taldeei zuzenduta. Gerora ezagun egin diran talde askok lehiaketa honetan parte hartu eben euren ibilbidearen hasikeran. Esate baterako, We Are Standard, Idi Bihotz, Zea Mays, Athom Rumba, Platero y Tú, Ainara Legardon eta beste hainbat bertatik pasautakoak dira. Guztira, 326 taldek jo dabe aurreko 31 aldietan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu