Joselu Anayak-ek zortzigarren diskoa plazaratu dau, 'Beti eta betiko'

Bizkaie! 2017-05-25 13:14   Musikea

Lau hamarkada daroaz Araiako taldeak erromerietako giroa alaitzen.

Diskoaren azalean Joselu Anayak-en kamioia agiri da | Ikusi handiago | Argazki originala

Javier, Andoni, Félix, Jesús eta Joselu Ruiz de Gordoa anaiak dira taldeko kideak, 1977an sortu zanetik. 40 urteko ibilbidea egin dabe eszenatokietan eta hori ospatzeko diskoa plazaratu dabe, Beti eta betiko, Elkar diskoetxeagaz. 1989an atera eben Araiatik Jaliscora, lehenengo diskoa, eta honako hau zortzigarrena dabe. Hamabi abesti barri dakarz.

Joselu Anayak-ek nortasun berezi eta ezagunari eutsi deutso 1977tik. Kantu alai eta atseginak dira eurenak, jai eta erromerietarako aproposak. Horregaitik, herririk herri ibilten dira, euren kamioi koloretsuan, urtero-urtero San Prudentzioetatik San Faustoetara. Euskal Herria alderik alde zeharkatu dabela dinoe taldekideek, mendebaldetik ekialdera.

Edade guztietako publikoa helburu, estilo askotako musikea lantzen dau boskoteak: Pasodobleak, rantxerak, fandangoa, merengea... baita ska, rock eta reggaea be. Gehienbat euskeraz kantetan dabe. Beti eta betiko disko barrian be, ohiko estilo horri eutsi deutsie.

Joselu Ruiz de Gordoak idatzitako musikan eta berbetan oinarritutako hamabi abesti dakarz Beti eta betiko-k. Joselu Anayak-eko kideen esanetan, 40 urteotan publikoak erakutsitako maitasuna eskertzeko plazaratu dabe diskoa.

Udako jai giroan bete-betean sartuta gagozan ezkero, kontzertu ugari eskainiko ditu boskoteak eta bertan entzun ahal izango dira disko barriko kantuak. Bagilaren 2an, Arabako Berrostegietan joko dabe eta 3an, Barakaldon. Gasteizen izango dira 4an. Ondorengo asteetan, ostera, Urtuellan, Oñatin, Araian, Altsasun eta beste herri batzuetan be entzun ahal izango dira Joselu Anayak-en doinuak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa