EHUn 500 doktore tesi baino gehiago onartu zituen 2016an
2017-05-25 10:15 KultureaSekula baino doktore gehiago izentauko ditu unibersidade publikoak maiatzaren 26ko ekitaldian, eta erdia baino gehiago emakumeak dira.
Lehenengo aldiz urte bakarrean, 500 tesi baino gehiago aurkeztu ziran igaz EHUn, 525 hain zuzen. Doktore barri guztien izendapena bihar, maiatzak 26, egingo da, Leioako kanpuseko areto nagusian. Nekane Balluerka errektorea izango da ekitaldiko burua. 2013-14 ikasturteko doktoregoko sari bereziak be bertan banatuko dira.
Azken urteotan gero eta ikasle gehiagok idazten dabe doktore tesia. 2016ko 525 doktoreen artean, erdia baino gehiago emakumeak dira, 282. Jakintza arloei jagokenez, Zientzietakoak dira 133. Horren atzetik datoz Gizarte eta Lege Zientziak, 124 tesigaz. Arte eta Giza Zientzietan 104 aurkeztu dira.
Bestetik, mundu akademikoaren bilakaerea eta nazinoartekotzea trabea izan leitekez ikasleek tesia euskeraz egitea aukeratzeko orduan. Horregaitik, 2016an aurkeztutako hamarretik bat izan dira euskeraz, 53 hain zuzen. Dana dala, aurreko urtekoak baino gehiago dira horreek eta, beraz, badirudi goranzko jokerea daukiela euskerazko tesiek, zailtasunak zailtasun. Kontuan izan behar da, EHUko doktore barrien % 21 atzerritarrak dirala.
Barikuko ekitaldian doktoretzako sari bereziak be emongo dira, 2013-14 ikasturteari jagokozanak. Cum laude kalifikazinoa lortu daben ikasleei emoten jake saria, nazinoartean izandako eraginagaitik, zientziari egindako ekarpenagaitik eta jakintza barria sortzeko egindako ahaleginagaitik. EHUren datuaren arabera, 45 saritu izango dira oraingoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!