Lau egitasmo babestuko ditu Bilboko Udalaren 'Artistak egoitzan' programeak

Bizkaie! 2017-05-25 08:36   Kulturea

Antzerkiaren, jantza garaikidearen eta dramaturgia barrien alorrekoak dira aukeratutako proiektuak.

Guztira, 43 proposamen aurkeztu ziran Artistak egoitzan egitasmoaren 9. deialdi honetara. Bilboko sormen artistikoa biztutea eta ikerlari zein artistei baliabideak emotea dira beka-programa horren helburu nagusiak. Laguntzino ekonomikoa ez eze, baliabide teknikoak eta profesionalak emoten jakez aukeratuei, baita aholkularitzea be.

Lau proposamen aukeratu ditu Bilboko Udalaren menpeko Bilbao Eszena erakundeak aurtengo deialdiko hautagaien artetik: Aritz Lópezen Larrua, Baserria, Jon Ander Alonsoren Heriotza Bikoitza (Doble malta), Horman Posterren Eraikitzen gaituzten hitzak eta Nerea Martínezen Biraka proiektua. Horreetakoren batzuk, ganera, urrian BAD jaialdian erakutsi ahal izango dirala uste dabe antolatzaileek. 3.000 euro jasoko ditu bakotxak, proiektua aurrera ateratzeko.

Larrua, Baserria ibilaldia da euskal kulturearen barrura, lurrekoaren eta mitologikoaren arteko paralelismoa eginda, bizitzeko, lan egiteko eta sozializetako modu tradizionala berreskuratuta. Sortzaileek saria jaso eben 2016ko Leioako Umore Azokan. Jantza garaikidea eta break dancea buztartuta, Gasteizen jantzea suspertu gura dau Aritz Lópezen eta Jordi Vilasecaren proiektu honek.

Heriotza Bikoitza (Doble malta), ostera, Jon Ander Alonsoren proiektu personala da. Zer dagoan heriotzearen ostean da gaia, maila fisikoan eta espiritualean, ze ate edegi leitekezan eta zelako eragina daben gure bizitzan. Lan eszenikoa eta ikus-entzunezkoa nahastau egiten dira. Euskerazko proposamen honetan izen handiko artistak ibiliko dira, Miren Gaztañaga edo Eneko Sagardoy, besteak beste.

Horman Poster taldearen atzean Matxalen de Pedro eta Igor Quadra dagoz. Eraikitzen gaituzten hitzak / Las palabras que nos construyen arte eszenikoak eta interbentzino soziokomunitarioa batzen dituan  bitartekaritza proiektua da. Helburua da, berbea, gorputza eta identidadearen arteko harreman performatiboen inguruko praktika artistiko-pedagogikoak garatzea. Proiektu hau Bilboko hiru institututako gazteen parte-hartzeagaz gauzatuko da.

Azken proiektua, Biraka izenekoa, Nerea Martinezen gustoko jantzarako teknika bik, euskal jantza tradizionalak eta jantza garaikideak, denporan eta espazioan izan daben bilakaereari buruzko hausnarketea da. Txalapartari biren kolaborazinoagaz amaitzen da piezea. Erropen arduraduna Mónica Lavandera izan da. Izan be, tradizinoa eta gaur egungoa erropen bidez buztartzen dira. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu