Faxistek Bilbo hartu ebeneko 80. urteurreneko musika konposizinoa sortuko dau Luis de Pablok

Bizkaie! 2017-05-24 13:28   Musikea

Bilboko Udalak egin deutso enkargua musikagile betaranoari eta piezea gerrearen kontrako aldarria izatea da asmoa.

Juan Mari Aburto eta Luis de Pablo (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gerreak gogor jo eban Bilbo 1937an eta datorren hilean 80 urte beteko dira faxistek uria hartu ebela. Efemeride hori gogoan, Luis de Pablo konpositoreari enkargu berezia egin deutso Udalak: Musika konposizino bat sortzea, urteurrena gogoan eta gerrearen kontrako mezua zabaltzeko. Urte amaierarako, konposizinoa prest egongo dala aurrikusi dabe.

Juan Mari Aburto alkateak eta Luis de Pablok berak emon ditue argibideak goizeon, udaletxeko areto arabiarrean egindako agerraldian. Luis de Pablok, jaiotzez bilbotarra izateaz gan, uriagaz lotura estua daukala gogoratu dau Aburtok, Bilbotar Ospetsu izentau eben 2010ean. Ganera, atzerrian ospe handia dauka 87 urteko musikagileak. Horregaitik, Udalak bera aukeratu dau enkargu berezi honetarako.

Gerrearen triskantzen kontrako lana eta esperantzearen aldeko konposizinoa izango dala aurreratu dau Aburtok. Luis de Pablok bere azalean bizi izan eban Gerra Zibilaren gogortasuna, aita eta anaiea galdu zituan eta. 40 minutu inguruko obrea izango da eta Bilboren izena eroango dau izenburuan. Konposizinoa amaitutakoan, Udalari entregauko deutso De Pablok eta urian estreinauko dabe.

Alkatearen esanetan, aukera bikaina da Luis de Pablo ze handia dan konturatzeko, musikearen abangoardian egile azpimarragarria da. Aburtoren esanetan, Bilboren izena lau haizetara zabaldu dau De Pablok. Laster, Bilbori buruz egingo dauen konposizinoa gehitu beharko jako bere ondare itzelari.

 

Luis de Pablo Costales

Bilbon jaio zan, 1930ean. Gaur egun, Europako abangoardiako musikearen arloko izenik esanguratsuenetako bat da. Era askotako obrak idatzi ditu, tartean operak eta zinemarako musikea.

13 urte zituala hasi zan konposizinoan, baina Zuzenbidea ikasi eban Madrilen, musikearen munduan bete-betean sartu aurretik. Abogadu lanean ebilela, 1954an, Londresko BBC-n De Pabloren konposizino bi estreinau zituen..

1958an, Nueva Música taldea sortu eban eta 1971n Madrilgo konserbatorioan hasi zan, irakasle. Ondoren erbestera joan behar izan eban, baina han be irakasle segidu eban, ospe handiko hainbat unibersidadetan. Alea estudio aitzindaria be bere ekimenez sortu zan.

Musikea sortzeaz gan, berau zabaltzen lan handia egindakoa da Luis de Pablo. Azken urteotan, Europatik kanpoko musika etnikoetan interesa agertu dau. Ganera, konposizinoan buru-belarri segiduten dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu