Leioako Umore Azokeak 37.000 persona baino gehiago erakarri ditu

Bizkaie! 2017-05-24 10:37   Kulturea

Aurkeztutako ikuskizunen maila altua, disziplina anitzen alde egindako apustua eta izandako estreinaldi guztiak goraipatu ditue.

Herriko kaleak ikuskizunez bete dituan edizinoa amaituta, balantzea egiteko momentua heldu da. Eguraldi ona lagun, milaka izan dira arte eszenikoen topagune honetara hurreratu diranak. Aurten herriko leku gehiago izan dira azokan eta horrek edizinoa markau dauela azpimarratu dau Leioako Udalak.

Mari Carmen Urbieta alkateak adierazo dauenez, 18 urte pasau dira Umore Azoka Leioa martxan jarri genduanetik. eta hori urtez urte igarten da. Egitasmoa, dagoeneko ikus-entzuleen eta profesionalen artean finkatuta dagoan ekitaldia dala be aitatu dau.

Urbietak gogorarazo dauenez, edade guztietako ikus-entzuleek maila handiko ikuskizunez gozau ahal izan dabe, doban, eta euren herriko kaleetan. Giro hori oso mesedegarria izan da bertako merkataritzarako be.

Programazino artistikoaren eta profesionalaren ikuspuntutik, Ana López Asensio Leioako Udaleko Kultura eta Gazteria Saileko zuzendariak, aurkeztutako ikuskizun guztien kalidade maila altua azpimarratu dau. Honetaz gan, konpainia askok egin daben lana eta euren estreinaldiak aurkezteko Bizkaiko herria aukeratu izana eskertu dau. Bere ustez, horrek argi eta garbi adierazoten dau azokeagaz daukien konpromisoa.

López Asensiok oso pozik dagoala adierazo dau azken garaietan edegitako espazioak finkatuz doazelako eta espazio horreetara gero eta jente gehiago joaten dalako.

Euskal konpainien erakusleihoa izatearen garrantzia be aitatu dau Udalak, izan be, azokan parte hartu nahi izan dauen profesional kopuruaren hazkundea nabarmena izan da.

Kultura Saileko zuzendariak azpimarratu dauenez, lankidetzarako jarrerea zabaldu da jaialdien artean, eta baita horreen eta Euskadiko Kaleko Arteen sektorearen artean be, eta horrek erakusleiho gehiago edegiko deutsez Euskadiko konpainiei.

Amaitzeko, López Asensiok jarduera profesional guztien garapen parebakoa azpimarratu nahi izan dau. Umore Azokea finkatu egin da profesionalen, eragileen eta baita konpainien euren arteko harremanetarako topagune legez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu