Euskal kultura politikearen barri emon dau Bingen Zupiriak Bruselan

Bizkaie! 2017-05-23 10:59   Kulturea

Nazionalidadeek eta eskualdeek Europako kultura politikan daukien zereginaren inguruko topaketa baten parte hartu dau Jaurlaritzako Kultura sailburuak.

Bingen Zupiria, erdian, Bruselan emondako berbaldian (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Europako Batasunaren Eskualdeen Batzordearen egoitzan, Bruselan, izan da foroa, Batasuneko kultura ministroek egindako batzarragaz bat eginaz. Jaurlaritzeak eta Etxepare Institutuak koordinau dabe topaketea, Friuli-Venezia Giulia eta Emilia-Romagnako gobernuakaz batera.

Bingen Zupiria sailburuagaz batera, Euskadiren Europako Batasuneko ordezkari Marta Marín eta Etxepareko zuzendari Miren Arzalluz egon dira Bruselan. Kultura politikearen eta nazinoarteko ekintzearen alorretako beste 150 bat ordezkari be han izan dira, kontinente guztikoak.

Euskal Autonomia Erkidegoan martxan jarritako kultura politikearen ganeko azalpenak emon ditu Zupiriak bere berbaldian eta bertoko eredua aldarrikatu dau. Hasitako bidean sakontzeko gogoa dauka Jaurlaritzeak, sailburuaren arabera. Besteak beste, mugaz haragoko egitasmoen garrantzia azpimarratu dau, kanpo ekintzarako tresna baliogarriak diralakoan. Ordezkaritzak, hitzarmenak eta Etxepare Institutua bera, zeregin horretako ezinbesteko piezak dira.

Europako eskualde eta nazionalidadeen lankidetza kulturalaren estrategian, funtsezkoa izan da Jaurlaritzearen lana, Zupiriaren ustez. Urteotan lortu diran hainbat aurrerapen lan horri esker etorri dirala dino sailburuak. Ganeratu dauenez, aniztasun kulturala da Europaren erronka nagusietako bat, eta eskualde eta nazionalidadeek zeresana dabe horretan.

Gaur egun, Euskadiren irudia kultureagaz lotuta dagoala azaldu dau Zupiriak, Guggenheim Museoak, Donostia 2016k, Gasteizko Santa Maria katedralaren zaharbarritzeak eta erakunde publikoetatik bultzatutako beste hainbat proiekturen ekarpenari esker. Kulturea aurrera egiteko tresnea da gizartearentzat, sailburuaren ustez.

Horregaitik, Euskadik kulturearen arloan zein Kultura eta Sormen Industrietan mugaz haragoko proiektuak bultzatzen izan dauen zeregina aldarrikatu dau Zupiriak. Gogoratu dau Euskadi aitzindari izan dala Europar Batasuneko estadu kideetako kultura institutuak batzen dituan EUNIC sarean Etxepare sartzen. Euskadi RICC (Regional Initiative for Culture and Creativity) sareko presidentekide be bada, eta baita Creadis 3 proiektuko buru be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu