Praileaitz I kobazuloaren liburua aurkeztu dabe Aranzadiko ikertzaileek
2017-05-23 10:38 Kulturea2000 eta 2009 urte bitartean egindako lanak batzen ditu monografiko honek.
Argitalpenak Deban kokatuta dagoan aztarnategiaren ezaugarri garrantzitsuenak barrikusten ditu. Honegaz batera, goi eta erdi paleolitoko ikerketa barriak jarraitzeko ikuspuntuak azaltzen dira, batez be, orain dala gitxi topau diran gunean.
Lan hau Aranzadi Zientzia Alkarteak bultzatutako Munibe Monographs, Anthropology and Archaeology Series publikazinoaren lehenengo liburukia da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, hainbat udalen eta beste agente pribaduen laguntzinoari esker plazaratua.
Xabier Peñalver indusketa eta ikerketa proiektuaren zuzendariak, Sonia San Jose arkeologoak eta Jose Antonio Mujika-Alustiza historian doktoreak editau dabe liburua. Eremu eta laborategi lanetan, barriz, hainbat herrialdetako 20 erakunde eta 38 ikertzailek parte hartu dabe.
Liburua ikerketa proiektuagaz batera hasi ziran idazten, 2000. urtean. Monografikoa papelezko edizinoan zein bersino digital librean dago, azken hau, Aranzadiren webgunean, artikulutan banatuta (hemen).
Indusketa arkeologikoen garrantzia iragana berregiteko gaitasuna dala azpimarratu nahi izan dau Peñalverrek. Arkeologoak azaldu dauenez, Praileaitz I kobazuloan, kultura jarduerak eta erritoak egon ziran eta aurkikuntza garrantzitsuenak 29 zintzilikari izan dira. Gehienak harri baltzak eta dekoraduak dira, lepokotan moltsokatuak; ganera okrezko arkatzak eta beste mueta bateko arte higigarria azaleratu da. Horretaz gan, barruan labar pinturen zantzuak be agertu dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!