'Hizkuntza gitxituetako hiztun barriak: eskolea eta gizartea' ikastaroa, garagarrilean Bilbon

Bizkaie! 2017-05-23 09:09   Kulturea

EAEan, 16 eta 24 urte bitarteko gazteen % 50 baino gehiago euskal hiztun barriak dira (VI. Inkesta soziolinguistikoa).

Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedreak udako ikastaro bat antolatuko dau hizkuntza gitxituen hiztun barriei buruz; ikastaroa datozen garagarrilaren 11an eta 12an izango da Bilbon Hizkuntza gitxituetako hiztun barriak: eskolea eta gizartea izenburupean. Duda barik, hiztun barrien gaia oinarrizkoa da hizkuntza gitxituen bizibarritzean. Gehienetan hiztun horreek etxetik kanpo ikasi dabe hizkuntza barria, zehatz esateko eskolan eta gure ustez, hizkuntza gitxituen biziraupenean zeresan handia dabe. EAEan, 16 eta 24 urte bitarteko gazteen % 50 baino gehiago euskal hiztun barriak dira (VI. Inkesta soziolinguistikoa).

Jakitea zenbateraino hiztun horreek aktiboak diran, hau da, hizkuntzea erabilten daben ala ez, eta erabilpen hori noiz eta zelan egiten dan, ezinbestekoa da hizkuntza gitxitu baten bizibarritzean hiztun horreek izango daben eragina ezagutzeko. Era berean, oso garrantzitsua da jakitea zelan bizi daben hiztun barriek bigarren hizkuntzearen ikaste prozesua eta zelan sentiduten diran hiztun moduan, hau da, benetako hiztunak sentiduten diran ala ez; azken finean, jakin nahi doguna da zelan bizi daben euren elebitasuna.

Irlanda, Katalunia eta Euskal Herriko kasuei buruzko informazinoa eskainiko da ikastaroan lau irakaslen eskutik; irakasle horreek europar proiektu garrantzitsu baten kide dira, New Speakers in a Multilingual Europe: Opportunities and Challenges (COST Action no. IS1306, 2013-2017), hain zuzen be. Era berean, Euskal hiztun barriak: esperientziak, jarrerak eta identitateak aurkeztuko da.

Informazino gehiago eta izena emotea hemen (matrikula murriztua bakarrik maiatzaren 31 arte).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu