Artxandako funikularra ezagutzeko bisita gidatuak antolatzen hasiko da Bilboko Udala
2017-05-23 08:49 KultureaZapatuetan izango dira, euskeraz zein gaztelaniaz.
Bilboko garraiobide bitxienetako bat da Artxanda mendira igoteko funikularra eta berau ezagutzeko bisitaldi gidatuak antolatu izan dira lehenago be. Esate baterako, 2015ean ehun urte bete zituanean. Bilboko Udalak barriro emongo dau funikularra bisitetako aukerea hurrengo asteetan, uriko ondarea zabaltzeko Bilbao Izan programearen barruan.
Bisita gidatuak zapatuetan izango dira, goizeko 11:30etan. Euskerazko eta gaztelaniazko taldeak egongo dira, bakotxa 30 lagunekoa txanda bakotxean. Horregaitik, aurretiaz izena emon beharko da, 94 401 00 10 telefono zenbakian (010, Bilbo barrutik deitu ezkero). Zabalik dago apuntetako epea.
20. mendearen hasikeran, injinerutza arloan erreferentea izan zan Artxandako funikularra, azpiegitura barritzailea izan zalako. Gaur egun arte izan dituan gorabeherak, bitxikeriak eta pasadizoak ezagutu ahal izango ditue bisitaldi gidatuetan parte hartzen dabenek.
Evaristo San Martin Garazen proiektuan oinarrituta eregi zan funikularra, 1915ean, orduko 488.000 pezetako inbersinoa eginda. Mende bateko historian, dana dala, aldaketa handiak izan ditu. Gerra Zibilean, esaterako, trenbidea eta goiko geltokia apurtu zituen bonbardaketek eta 1938ra arte zerbitzua etenda egon zan. 1976an be, zerbitzua bertan behera geratu zan, istripu baten erruz.
1983an barriro zabaldu zan funikularra, barriztauta eta modernotuta. Baina urte haretan bertan, uriolek kalte gehiago eragin eutsien eta barriro konpondu behar izan eben. Artxandako tontorraren ingurua astialdirako erabili izan da 20. mendearen hasikeratik eta gaur egun be inguru horretara heltzeko modu arina da funikularra. Horrezaz gan, lan kontuakaitik eta bestelako arrazoi batzukaitik be erabilten da. Urtero milaka bidaiari ditu, baina Bilboko Udalaren bisitaldi gidatuei esker, egunero ikusten ez diran sekretuak be agirian geratuko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!