Gasteizko Artiumek aplikazino barria aurkeztu dau
2017-05-22 11:12 KultureaMuseora bisitea aberastu eta hobetzea dau helburu eskuko telefonoetarako tresneak.
Gasteizko Arte Garaikidearen museoak eta Deusto Sistemas arabar enpresa teknologikoak aurkeztu daben aplikazinoaren bidez, erabiltzaileak abisu bat jasoko dau erakusketako gune edo obra jakin batera hurreratzean. Sistemeak galdera bat egingo deutso. Igarkizunak testua eta irudia alkartzen ditu. Aitatzen ditu besteak beste: Anabel Quincoces-en Water Flames (flowing) Joan Miróren Mural de la Cinématèque de Paris, Pablo Picassoren Mousquetaire à la pipe eta Liliana Porterren Trabajo forzado (Weaver).
Badira Artiumegaz, eraikinagaz beragaz eta liburutegiagaz lotutako asmakizunak be. Aplikazinoaren lehen bersino honetan programautako hamabi galderak erantzun ondoren, sari bat jaso ahal izango dau bisitariak bertako dendan.
Ganera, Artiumen aplikazinoak museoaren webgunean sartzeko aukerea be emoten deutso jenteari. Erakusketei, jarduerei eta bertako liburutegiaren baliabideei buruzko informazinoa eskuratu leikie. Bestalde, holako sistemak erabilteko ohiturarik ez dauenak, argibideak dituan atal batera sartzeko aukerea be izango dau.
Artium-Batto app-a dobakoa da eta IOSentzat eta Android-entzat eskuragarri dago.
Beste alde batetik, Museoen Nazinoarteko Egunaren ospakizunagaz bat eginez, Artium Fundazinoak eta Deusto Sistemas-ek lankidetza-hitzarmena sinatu dabe. Horren bidez, teknologia-enpresea Fundazinoaren Erakunde Lankide bihurtu da. Ganera, Museoaren sareko komunikazino-sistemak hobetzen lagunduko dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!